Itxi

ANALISIA

Ereduak

Juanjo San Miguel

Gaur egun, berriro, mundua bitan zatitzeko arriskupean gara, baina oraingo honetan borrokak ezberdina dirudi. Ekonomian ez dago zalantzarik Txina parez pareko lehian sar litekela AEBkin, baina ikusmin gehiago sortu du ideologikoa deitu dakiokeen norgehiagokak.

Historian zehar ohikoa izan da herrialdeen arteko lehia ingurua menderatzeko, hurbileko eta urrutiko herrien elkartasuna lortzeko, edo, zuzenean, armen bidez nagusitasun ekonomikoa ezartzeko.

Atzera begira, gertu dugu Gerra Hotza deitutakoa. AEBk eta Sobiet Batasunak izandako borroka, bakoitzaren eredu ekonomikoa eta politikoa onena zela erakusteko, eta munduko herrialdeak erakarri eta bestearengandik urrutiratzeko. Enfrentamendu horretan, munduko bi potentzia nagusiek tresna guztiak erabili zituzten, agerikoak eta ezkutukoak, zilegi ziruditenak eta zikinenak. Azkenean, Sobiet Batasunak amore eman behar izan zuen, ez zelako gai izan beste aldetik zetorkion ekonomiaren erronkari aurre egiteko.

Berlingo harresia erori ondoren bazirudien gatazkaren irabazleak hamarkadetan inongo oztoporik gabe erakutsiko zuela bere nagusitasuna, berak finkatuko zituela arauak eta portaeraren nondik norakoak. Baina ez dugu denbora asko behar izan irudikatutako etorkizun hori ez zela gauzatuko ikusteko.

Ekialdean, lehendabizi ekonomian eta ondoren beste arlo guztietan, historia oparoa duen herrialdea berriro suspertzen hasi zen eta, gehienok uste baino epe motzagoan, "agintari nagusiari" aurre egiteko gai dela erakutsi du. Gaur egun, berriro, mundua bitan zatitzeko arriskupean gara, baina oraingo honetan borrokak ezberdina dirudi. Ekonomian ez dago zalantzarik Txina parez pareko lehian sar litekela AEBkin, baina ikusmin gehiago sortu du ideologikoa deitu dakiokeen norgehiagokak.

AEBk "Demokraziaren Batzarra" deitu dutena antolatu du. Bertara ustez demokratikoak diren herrialdeak gonbidatu dituzte, eta Txina kanpoan utzi. Honek Pekingo agintarien haserrea eragin du, beraien ustez ez dagoelako demokrazia eredu bakarra, eta beraiena AEBko "plutokrazia" baino eraginkorragoa eta zuzenagoa delako. Mendebaldeko herrietan demokrazia krisian da aspaldi alderdi politikoek sinesgarritasuna galdu dutelako; barrutik, eskuin muturreko taldeek zilegitasuna ukatzen diotelako, eta pandemiaren krisian sistemaren eraginkortasuna zalantzan jarri dutelako batzuek eta besteek.

Adituek diote txinatarrek ez dutela demokrazia faltan botatzen, ezin dutela desio ezagutzen ez dutena, lehentasunak beste batzuk direla. Mendebaldean demokrazia zer den badakigu, ezagutzen dugunak akats nabarmenak dituela aitortu arren, eta ez dirudi gehiengoa prest legokenik, orain aldaezinak diruditen askatasun eta eskubideei uko egiteko. Aukerak mahai gainean daude, eta urruti jokatzen ari den partida dela uste arren, azken emaitzak zuzeneko ondorioak izango ditu guztiontzako.