Analisia
Alerta Bruselan, 'brexit'erako ministroak dimititu eta gero
Felipe Etxebarria
Bruselako kezka da 'brexit' gogorraren aldekoek eta dimisioa eman duen ministroa ordezkatuko duen berriak kolokan jartzea azkenaldiko Boris Johnson lehen ministroaren hitzarmenaren aldeko jarrera.
Europar Batasuna (EB) beldur da azkenaldian negoziaketetan egon den tregoa ministro berriak apurtu dezakeelako. David Frost 'brexit'erako ministro britainiarraren dimisioak asteburu honetan alarmak piztu ditu Bruselan.
Azken astebeteetan Londresek bere jarrera malgutu egin du, 'post-brexit' honetan Ipar Irlandako protokoloa berriz negozia dadila eskatzekotan. Gabon bezperako tregoa.
Londresek bi eskakizun azaltzen ditu: Alde batetik, Ipar Irlandako portuetan merkantzia britainiarri kontrolik ez jartzea. Izan ere, brexit-aren akordioaren arabera, Ipar Irlanda Europako merkatu bateratuan dago. Ipar-Irlandako unionistek horren auka protestatzen dute merkatu britainiarretik kanpo geratzen direlako. EBk kontrol horiei eutsi nahi die, protokoloak agintzen duen moduan, bi Irlanden artean muga kontrolik egon ez dadin, Ostiral Santuko Bake Akordioek agintzen duten bezala.
Bigarrenik, Londresek ez du nahi Europako Auzitegiak erabakiak hartzerik brexit inguruan desadostasunak sortzen direnean. Kanpoko beste erakunde batek Brusela eta Londresen artean arbitraje lana egiteko eskatzen du, nahiz eta hori brexitaren akordioetan azaltzen den.
Bruselako kezka da 'brexit' gogorraren aldekoek eta dimisioa eman duen ministroa ordezkatuko duen berriak kolokan jartzea azkenaldiko Boris Johnson lehen ministroaren hitzarmenaren aldeko jarrera. EBko diplomazialari batzuk uste dutenez, Londresek jarrera pragmatikoagoa hartu beharko luke, elkarren arteko giro baikorra sortuz, harreman egokiak izan daitezen.
Mantxako Kanaleko ur britainiarretan ari diren arrantzale frantsesekin dagoen auzia ere eztabaidan dago. Horretaz ere negoziatu du Frost ministroak.
Gainera, Horizonte Europa, EBko ikerkuntza eta berrikuntza programatik Erresuma Batua kanpoan uzteak Londresen frustrazioa sortu du. Izan ere, 95.000 miloi euroko aurrekontuarekin Ikerkuntza arloan EBko programarik garrantzitsuena baita. Diputatu britainiar batek esan berri duenez, Ipar Irlandako auziaren ondorioz, zientzialari britainiarrak programa honetatik baztertuta geratu dira.
Frantziak dagoeneko Boris Johnsoni eskatu dio, Frosten ordezkoa erabili dezala, EBrekin konfiantza giroa sortzeko.