Itxi

Analisia

Datozenak

Juanjo San Miguel

Pandemiak eraginako ziurgabetasun honetan, zalantzarik gabe baieztatu dezakegun bakarra da, aurten ere milaka eta milaka pertsona saiatuko direla Europara iristen, euren jaioterrian ez dutena bilatzeko, beraientzat eta familiarentzat bizimodu hobea lortzeko ahaleginetan.

Urte hasiera, aurreikuspenen, desioen eta etor litekeena asmatzen hasteko garaia da. Ez dakigu aurten zer gertatuko den, hori beti zaila delako eta aurten are zailagoa, pandemiak ezjakintasuna bihurtu duelako ziurtasun bakarra. Zalantzarik gabe baieztatu dezakegun bakarra da, aurten ere milaka eta milaka pertsona saiatuko direla Europara iristen, euren jaioterrian ez dutena bilatzeko, beraientzat eta familiarentzat bizimodu hobea lortzeko ahaleginetan.

Europar Batasunera bidean, Mediterraneoa, Egeoa eta Atlantikoa, hauetariko askoren hilobi bihurtu dira azken urtetan. Ez dago datu zehatzik, asko eta asko itsasoan galtzen direlako, baina zenbaketa fidagarrienen arabera, azken 7 urtetan 20 milatik gora dira Mediterraneoan hildako migranteak. Baina tragedia beldurgarri honi aurre egiteaz gain, Europar Batasunak derrigorrez behar ditu etorkinak datozen urtetan eta zer edo zer egin beharko du neurri gabe luzatzen eta korapilatzen ari den arazo honi aurre egiteko.

Aditu guztiek aitortzen dute Europar Batasuneko gizartea zahartzen ari dela, lan arlo askotan langile falta nabarmena dela eta etorkizunean gure ongizate egiturari eutsi eta erretreta pentsioak jaso nahi baditugu, ezinbestekoa dela etorkinei ateak ireki eta gurean gizarteratzea. Baina orain arte Europar Batasunak ez du jakin nola bideratu ezinbestean jorratu beharreko eremu hau. Eskuin muturrari beldurrak, ados jartzeko zailtasunak eta herrialde bakoitzak era ezberdinean bizi duelako egoera, orain arte ezinezkoa bihurtu dute gutxiengo baldintzetan oinarritutako akordioa.

Italiak, Mario Draghi lehen ministroaren zuzendaritzapean, Bruselako agintarien jokaera gaitzesteaz gain, besteentzat eredu izan litezken pausoak ematen hasi da. azken astetan 70.000 etorkini kontratua eman die bertan lan egin dezaten. Horretarako jatorrizko herrietako gobernuekin hitzarmenak sinatu dituzte eta baldintza egokiak finkatu. Erromak aitortu du oraindik langile gehiago beharko dituela bere beharrei aurre egiteko, baina milaka asko izango direla, beraiek eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuek datozen urtetan beharko dituzten etorkinak.

Seguruenera ekimen honek ez du etorkin oldea etengo, baina Europak baldintza egokiak eskaini liezazkieke iritsiko diren batzuei, bide seguruak erabili ditzaten eta hemen gizarteratzeko aukerak hobeak izan daitezen.

Gizakia gizaki denetik mugitu da, migrazioak gizateria bezain zaharrak dira eta beti gatazkak eragin dituzte, baina hemen ere iraganak balio beharko luke etorkizuna hobeto antolatzeko, besteak beste Europako herritar askoren beldurra ezabatu eta etorkinekiko bizikidetza posible dela erakusteko. Antolaketarik gabe iritsitako migrazioek suspertu dute leku askotan eskuin muturra, baina arrisku horrek ezin ditu aukerak blokeatu, eskuin muturraren garaipena baino askoz okerragoa baita, aurre egiteko beraien tesiak ontzat ematea.