Itxi

Sinadurak

Guillermoren ezko museoan penaturik

Begoña del Teso

Aitorpen tristatua zeren eta… zerbait arraroa, zerbait  desatsegina, zerbait nekosoa antzeman baitiogu gutako hainbatek joandako garaietan egindako pelikula bat ispilu eta gidari duen Guillemo del Tororen azkenari.

Gutako askok debozioz baino maltzur maite dugu Guillermo del Toro zinemagilea, ilunabarrean (ez) diren munduen sortzaile fina.

Zinez maitatzen dugu mexikar hori. Aspaldian, aspaldi zahar-zahar batean Donostiako Beldurrezko Astera bere Cronos filmarekin arrimatu zenetik. Joan den mendeko kontuak dira horiek, baina guk, iluntasunezko, itzalezko izakiok, beti eusten diogu irmo gure antzekoa denari eskainitako leialtasunari. Hor, aterpe epela aurkitu dugun  dimentsio ezezagunetan, beste inon baino ezinbestekoagoa suertatzen baitzaigu gure anai/ahizpatasun berezia.

Maite dugu, ba, Guillermo. Eta kasik bere lan oro. El espinazo del Diablo, El laberinto del fauno, Hellboy, Mimic, La cumbre escarlata, La forma del agua

Laket dugu berak atsegin duen zinema ere: Jean Cocteauren La Bella y La Bestia, Preston Sturgesen Los viajes de Sullivan, Dreyerren Vampyr, Terry Gilliamen Brazil, Cronenbergen Crash, Franjuren Los ojos sin rostro

Jeloskor ez gara amodio kontuetan. Maite du berak Tod Browningen Freaks. Baita guk ere. Pablo Bergerren Blancanieves hainbeste. Wieneren Caligari bezainbeste. Berla eta Malzieuren La mecánica del corazón bezala. Bai berak bai guk aspaldiko zine beltza dugu aldareetan. Bai, zuri-beltzeko pelikula gaizto eta gaiztotu horiek, non gupidagabeko emakumeek (Dietrich, Stanwyck,  Crwaford, Lamarr, Davis…) gizonezkoak erabiltzen zituzten jostailu. Guillermoren El callejón de las almas perdidas-eko Cate Blanchettek egiten duen moduan…

Izkribu hau maitasun aitorpen bat duzue, alta. Aitorpen tristatua zeren eta… zerbait arraroa, zerbait desatsegina, zerbait nekosoa antzeman baitiogu gutako hainbatek  joandako garaietan egindako pelikula bat ispilu eta gidari duen Guillemoren azkenari, bueltatuko ez diren iragan denboretan idatziriko nobela bat ardatz duen Nightmare Alley horri.

Izan daiteke, justu hori: badira bueltatuko ez diren garaiak. Badira itzalen artean galdu ziren manerak. Egungo aktoreek ez dakite atzokoek bezala mugitzen, ibiltzen, janzten duten arropa eramaten. Ez baitira joandako aro horietako biztanle. Bai, antzezle onak dira. Baina, ai… milurteko honetako kreaturak ere.

Gauza bera gertatzen da filmaren testuretan. Aspaldiko zeluloideak, aspaldiko laborategietan errebelatzen zen hark, beste motakoak zituen. Gaur egungoaren izana biziagoa da, distiratsuagoa. Eta digitalizatu ondoren, filmak bolumena eta argi-ilunak galtzen ditu. Bai pena gurea, Guillermoren kale zuloa ezko museoa baino ez da. Maite dugu, ordea.