Iruzkina
Bizitzaren iraupena
Juanjo San Miguel
Hainbeste urte bizitzeak pertsonaren sufrimendua dakar, ingurukoekiko eta botikekiko mendekotasuna. Pertsonaren eta familiaren sufrimendu psikologikoa nabarmena da, zahar gehienek autonomia eta euren buruaren jabetza galtzen dutelako modu batera edo bestera.
Mundu guztiko osasun arloko aditu talde batek gaur egungo hiltzeko erari buruzko txostena argitaratu du The Lancet zientzia aldizkarian. Ikerketa horren ondorio nagusia da gaur egun bizia gehiegi luzatzen dugula botiken bitartez, eta, horrek, gaixoaren eta bere gertukoen sufrimendua areagotu besterik ez duela egiten. Aditu hauek diote azken 20 urtetan bizi itxaropena ia 8 urtetan luzatu dugula, baina urte gehigarri horiek kasu gehienetan txarrenak direla, osasuna hondatu eta desgaitasunak areagotu egiten direlako.
Hiltzeko modua ere asko aldatu da, zientzialari hauen arabera; izan ere, lehen heriotza familia giroko gertakaria zen, batzuetan sendagileen laguntza izaten bazuen ere. Gaur egun, aldiz, medikuntza arloko gertaera da, eta familia bigarren mailan geratzen da normalean. Bizitza, bizirik irauteko ahalmena asko handitu da azken hamarkadetan, gero eta urte gehiago izatea lortzen dugu, baina txostenaren egileek diote azken urteetan sufrimendua eta ondoeza areagotu egiten direla. Orain dela 70 urte arte, jendea gaixotasun larriengatik edo zaurien ondorioz hiltzen zen, gaur egun, aldiz, gehienak gaitz kronikoek hiltzen dituzte. Zientziaren aurrerapenek eta teknologiak gainera azken urte horiek asko luzatzeko aukera ematen digute.
Espezie ororen helburu nagusia taldea iraun araztea da, bizia horretarako programatuta dagoelako. Gizakiok naturaren zati gara eta gu ere gurpil berean sartuta gaude. Gure gizarte antolaketa, gure harreman motak, gure maitatzeko era, baita hiltzekoa ere, helburu nagusi horren pean daude: espezie gisa irautea. Medikuntzan aurrerapenek, zientziaren garapenak, dieta hobeak eta bizimodu osasuntsuagoak asko luzatu dute bizia, eta hori gutxi balitz, botikek ia muga gabe iraun arazi litzakete bihotzaren taupadak, bihotz horren jabeak aspaldi iluntasunaren mugak zeharkatu baditu ere.
Espeziearen iraupenaz gain, guztiok ahalik eta gehien bizi nahi dugu. Aurrez inork ez lioke uko egingo bizitza luzatzeari, baina arrakasta ukaezinak, hain atseginak ez diren ondorioak ere baditu. Bizitza horrenbeste luzatzeak gaitz kronikoen ugalketa ekarri du. Adin batetik aurrera gero eta gehiago dira burua galtzen duten pertsonak. Zaharren botika kontsumoak aldiz aurreikuspen guztiak gainditu ditu.
Hainbeste urte bizitzeak pertsonaren sufrimendua dakar, ingurukoekiko eta medikamentuekiko mendekotasuna. Pertsonaren eta familiaren sufrimendu psikologikoa nabarmena da, zahar gehienek autonomia eta euren buruaren jabetza galtzen dutelako modu batera edo bestera.
Familien diru galerak eta estatuaren gastua neurri gabe handitzen ari dira guzti honen ondorioz. Luze bizitzea bezain garrantzitsua, txukun samar bizitzea da, eta batez ere ezinbestekoa denean heriotza onartzea, luzamendu eta amaiera krudelak galarazita.