Itxi

Sinadura

Paco: No, no, que no! / Mikel: Zer? Nola?, Ez, ezetz!

Begoña del Teso

"Canto Cosmico" zeluloidezko perfomance paregabean horrenbeste euskal izen ikustea arraro, arraro samar, bastante arraro, oso arraro, zehar arraro gertatzen zaio detaile eder bitxiei erreparatzen ez dien hartu eta jateko pelikulak mastekatzen dituenari.

Boteprontoko  begira(zo)da ganorabako batez, Goya zinema sarietako zortzi sailetan hautagai izan den Canto Cosmico zeluloidezko perfomance paregabean horrenbeste euskal izen ikustea arraro, arraro samar, bastante arraro, oso arraro, zehar arraro gertatzen zaio detaile eder bitxiei erreparatzen ez dien hartu eta jateko pelikulak mastekatzen dituenari.

Izan ere, Kataluniako Marc Sempere-Moyak eta Leire Apellaniz López bizkaitarrak eratu, eraiki, sortu duten dokumental aparta horrek Francisco Contreras Molina izena duen flamenko kantariaren inguruan, ondoan, atzean aurrean egiten du dantza jainko-deabruzkoa. Flamenkozaleak asaldatu-liluratu-azken mugaraino bultzatu, kolpatu-laztandu-erasotu-besarkatu dituen artista honek Niño de Elche hartu zuen aspaldian izengoiti, Alacanteko Elx herriko semea delako.

Sevilla eta Bartzelonako zinemaldietan txalo zaparradaz hartu zuten gure-gurea (eta beste askorena ere) sentitzen dugun zinema pieza horretan, Donostian lau haizeetara zabaltzeko egoitza eta pasabidea duen Sr&Sra izeneko ekoiztetxeak aurrera atera du zinema erosleei saltzen oso zaila den lan bikain hori. Bertako kidea den Aritz Moreno zuzendari fina laguntzaile ibili da kameraz. Kamera lepoan harturik, Maider Fernandez Iriarte zinemagilea ere. Han, hor, hemengo soinuak harrapatzen igualik ez duten Xabier Erkiziak eta Luca Rullok jardun dute kantu, zizpuru, hitz, murmurio, oihu, orro, sehaska kanta guztien ehizan. Maiz, inkluso, esango nuke nik, sortu egin dituztela. Edo bazterretan ahazturik zirenak berreskuratu.

Bai, derrepenteko begira(zo)da zuztargabe batez, estrainio samar ematen du egungo eta biharko flamenko basaren arratzaparretan gozo dagoen Eltxko Haurraren gaineko pelikula batean horrenbeste euskaldunekin topo egin izanak baina, baina, baina, Artearen eta Sormenaren bideak eta manerak hain dira misteriotsuak ezen, azkenean, konturatzen zaren topaketa horrek izugarrizko zentzua duela. Are, ezinbestekoa da. Nahitaezkoa. Konexio deliziosa, zure segurantza guztiak kolokan jartzen dituena..

Izan ere, liluraz eta emozioz gainezka egindako bila batean, Madrilgo Reina Sofia museoan aurkituko duzu YouTuben Francisco Contreras Mikel Laboaren "Lekeitio 5" hura (komunikazioa-inkomunikazioa) gaztelaniaz  hausten, maitatzen, abesten Picassoren Guernica-ren aurrean, Raúl Refree gitarra jotzailea lagun duela.

Izan ere, Paqui Molinaren semeak kaleraturiko Colombiana izeneko disko, ekimen, eta Latinoamerikako soinuei luzaturiko amodio adierazpen hartan Maialen Lujanbio eta  Beñat Achiry topatzen dituzu kantari, kasik hizketan "Colombiana Vasca" kantan, non hitzak euskaraz diren: "Ezin guztien gainetik eta Azal guztien azpitik
Kakao ale txiki mikatzak Gehiago zuen eztitik".

Ez, ez da batere estrainioa euskal jendea izatea Canto Cosmico-n. Baitezpadakoa baizik

Albisteak (1)