Itxi

Iruzkina

Errusiako propagandak Ukrainako krisiari buruz dioena

Felipe Etxebarria

Kremlinek bere herritarrei igorri nahi dien mezua da Errusia herrialde baketsua dela, eta Mendebaldeko maltzurrek etengabe probokatzen dutena.

Errusiako komunikabideek argi islatzen dute Ukrainako krisiari buruz Kremlinek duen ikuspuntua: "Errusia herrialde baketsua da, mendebaldar maltzurrek etengabe probokatzen dutena". Komunikabide ofizialetan oinarrizko mezua hauxe da: "Mendebaldeak gerra arriskuaz hitz egiten du, eta Errusia bera jartzen du arriskuan".

Horren adibide bat Pervyi telebista katean arratsaldeko albistegietan gertatzen dena dugu. Hizlariak saioa hasten du, Estatu Batuetako itsaspeko bat Pazifiko itsasoan ur errusiarretan sartu dela esanez. Berdin da askoz lehenago militar amerikar batek albiste hori gezurra dela esan badu ere. Ondoren, esatari berak Putinek Joe Biden AEBko presidentearekin eta Frantziako Emmanuel Macronekin izandako telefonozko elkarrizketa dela eta, adierazpen probokatzaileak direla dio hauek esandakoa, alegia "Errusiako tropak Ukrainian sartzeari buruz" eta " Ukrainako barne arazoetan muturra sartzea".

Azken egun hauetan dozena bat herrialdek beren herritarrei Ukrainatik irteteko eskatzea egoera oraindik gehiago okertzea omen da, hizlariaren ustez. Saio horretan Errusiako atzerri Ministeritzako bozeramailearen hitzak ere aipatzen dira. Alegia, "Mendebaldeak bazekiela ekintza arriskutsuak prestatzen ari zirela", Ukrainako egoera oraindik gehiago okertzeko arriskua sortuz. Horrekin ez da esan nahi Errusiako indar militarren pilaketak Ukrainako mugan arriskua dakarrela, baizik eta mendebaldarrek bultzatuta, Ukraina ekintza probokatzaileak egiteko prest dagoela. 

Saioa aurrera zihoan bitartean, komentarista eta aldi berean Rosneft petrolio estatu enpresako prentsa burua denak "Estatu Batuetako beldurrezko" istorioei buruz hitz egiten du, nahiz eta ukraniarrek beraiek ere ez sinetsi.

Interneteko berriek ere estatuko propaganda jarraitzen dute. Vladimir Solovjov kazetariak, "Rossija"an eztabaida zuzentzaileak, zera zioen Joe Bideni buruz: munduko  herrialdeak elkarren aurka borrokan jartzen dituela, eta Ukrainan gertatzen ari dena ere, agian, ez dakiela. Berari buruz zera dio baita ere; 79 urterekin "zaharregi dagoela",  mendebaldea "zoroetxe bat dela" eta NATOko hegazkin eta gerraontziak "gure mugetan daudela".

Guzti horrekin zera da Kremlinek bere herritarrei igorri nahi dien mezua: "Errusia herrialde baketsua da, Mendebaldeko maltzurrek probokatzen dutena". Mezu hau edonon ageri da Errusiako komunikabideetan, eta kritikoenei ere zaila egiten zaie Ukrainako mugan ari den indar errusiarren pilaketari buruz hitz egitea.

Estatu Batuek gerra arriskuari buruz egiten dituzten oharrak Kremlinekin kritikoenek ere ez dituzte kontutan hartzen. Julija Latynina kazetari kritikoak mehatxuengatik Errusiatik alde egin behar izan zuen duela bost urte. Orain bere saioan dioenez, "gerra ez da gertatuko".

Errubloa moneta errusiarrak Ukrainako krisiagatik jasandako balio galera begi onez ikusi dute Errusiako komunikabideek. Beren ustez, petrolioa eta gasa atzerriko monetetan ordaintzen zaienez, debaluazioaren ondorioz, krisi aurretik baino errublo gehiago hartzen dute. Errusiak dagoeneko jarri du martxan propaganda gerra.