Iruzkina
Vladimir
Juanjo San Miguel
Kremlinean gertatzen denaz informazioa omen dutenek diote Putin harrituta dagoela, beretzat ere ustekabekoak izan direla gertatutako asko eta asko.
2014an "Ukrainako gatazka" deitu duguna hasi zenetik, Errusiako komunikabide ofizialek behin baino gehiagotan aipatu dute, arma nuklearren erabileraren arriskua eta horrek izango lituzkeen ondorioak. 2018an Vladimir Putini galdetu zioten, Errusia suntsitzeko arrisku pean ikusiko balu, arma nuklearrak erabiltzeko agindua emango ote zukeen ,botoi gorria sakatzeko prest ote zegoen, alegia. Berak esan zuen baietz, eta horrek gizateria osoaren amaiera ekar zezakeela aipatu ziotenean, Errusiarik gabeko gizateriak ez lukeela zentzu handirik izango erantzun zuen.
Egun hauetan, Putinek eta bere ingurukoek berriro adierazi dute ez dutela eragozpenik izango arma hauek erabiltzeko Errusiaren izaera eta etorkizuna arriskuan jarriko balituzte. Jakin ez dakigu zer esan nahi duen horrek, zein unetik edo egoeratik aurrera pentsa lezaketen agintari errusiarrek itzulerarik gabeko bideak sartuta daudela.
Ukrainaren aurkako erasoa hasi zenetik, ugariak izan dira Putini buruzko azterketak, iritziak eta izan litzakeen asmoei buruzko aurreikuspen eta iragarpenak. Batzuek diote burua galdu duen psikopata bihurtu dela. Beste batzuek aldiz, bere herriarekiko eta gizateriarekiko ardura historikoa duelakoan ari dela erabakiak hartzen. Bada, horrela jokatzeko arrazoiak badituela uste duena ere. Ziur aski guztiek izango dute arrazoiaren zati bat, botereak, eta mugarik gabekoa denean areago, norberaren nahia eta errealitatearen arteko mugak eta aldeak bereiztea galarazten omen du. Pertsonaren izaera eta nortasuna berez umetan finkatuta geratzen ei dira, baina bizitzak ematen dizkigun erantzunen arabera ikasten dugu ahal duguna eta ezinezkoa bereizten.
Oraingo honetan badirudi Errusiako presidenteak bere asmo eta helburuak, eta Ukrainako gizartearen benetako nahiak nahastu dituela. Soldadu errusiarrak, Mendebaldera saldutako agintari lotsagarriez gogait eginda, askatzailetzat hartuko zituztela uste omen zuen. Eta hala ez balitz ere, bere armada indartsuak ordu gutxitan hartuko zuela, beti Errusiaren ondoan, herri bakarra bailitzan behar duen herrialdea. Baina ez bata ez bestea ez dira bete. Ez dakigu zenbat denboran aurre egin ahal izango dion armada ukrainarrak erasoari. Ez dakigu zenbaterainoko txikizioa egin beharko duen armada errusiarrak Ukraina mendean hartzeko. Ez dakigu Nazioarteak hasitako presioak noraino baldintzatuko duen gerra… Gutxi dakigu, etorkizuna ez dugulako ezagutzen, baina azken 7 egunetan ustekabeak bata bestearen atzetik etorri zaizkigu krisi honetan, eta gehiago izango dira.
Kremlinean gertatzen denaz informazioa omen dutenek diote Putin harrituta dagoela, beretzat ere ustekabekoak izan direla gertatutako asko eta asko. Horrelakoetan, lehen tiroa zeinek eta noiz eman duen jakin genezake, baina ez nondik nora eramango gaituen lehen txinparta horrek emandako bulkadak. Espero dezagun Putinek, bere burua eta gizateriaren etorkizunaren artean aukeratu behar ez izatea.