Iruzkina
Atzera begira
Juanjo San Miguel
Historian atzera eginez gero, beti aurkituko ditugu gure helburu eta aldarrikapenak zilegi bihurtuko dituzten arrazoiak. Putinek urteak egin ditu Historian atzera, orain hartu dituen erabakien zilegitasunaren oinarriak iragan horretan finkatzen dituela jakin dezagun.
Esan ohi da, arazoak konpontzeko, zailtasunei aurre egiteko, jorratu beharreko bidea zehaztea edo hartu beharreko erabakiak finkatzea baino garrantzitsuagoa galdera zuzenak egitea dela. Horretarako, berriz, ondo berezi behar dugu uste duguna, nahiko genukeena eta benetan gertatzen ari denaren artean. Eta badirudi Ukrainako gatazka deitu dugun honetan ez garela hori egiten ari, Mendebaldeak ez dizkiola bere buruari egin beharreko galdera egokiak egin.
Historian atzera eginez gero, beti aurkituko ditugu gure helburu eta aldarrikapenak zilegi bihurtuko dituzten arrazoiak. Putinek urteak egin ditu Historian atzera, orain hartu dituen erabakien zilegitasunaren oinarriak iragan horretan finkatzen dituela jakin dezagun. Badira, berriz, Historiak gizakien borondatearen aurrean baliorik ez duela uste dutenak. Ukrainako gatazka honetan, hariren bi muturrak erakusten digute adostasuna gaur egun ez dela posible.
Errusiak arrazoia du Sobiet Batasuna erori ondoren egindako munduaren antolaketatik kanpo utzi zutela salatzean. Napoleonen gerrak galdu ondoren Frantzia kontutan hartu zuten irabazleek etorkizuna antolatzeko; Bigarren Mundu Gerraren galtzaileek, Alemaniak eta Japoniak, tokia izan zuten gerra ondorengoa antolatu zuen mahaian. Errusia ez zuten aintzakotzat hartu Gerra Hotzaren irabazleek. Orain, orduan azaldu ez zioten errespetoa aldarrikatzen ari da, besteak beste.
Baina Errusia urte horietara aztarna bila itzuliko balitz, 1994an, Estatu Batuak, Ukraina eta Erresuma Batuarekin batera sinatu zuen hitzarmena izan beharko luke kontutan. Budapesteko Memorandumean, Ukrainak Sobiet Batasunaren zatiketan geratu zitzaizkion arma nuklearrak Errusiaren kontrolpean utzi zituen. Horren truke, hitzarmenaren sinatzaileek Ukrainaren lurraldetasuna eta subiranotasuna errespetatzeko konpromisua onartu eta paper batean idatzi zuten. Putinek orduko gobernu errusiarrak hartutako konpromisuak urratu ditu, eta hausturak larritasun berezia du kasu honetan, Putinek jakin badakielako ez litzatekeela Ukrainari eraso egiten ausartuko Kieveko agintariek arma nuklearrak balituzte.
Guzti hori hala izanik, Mendebaldeak beste hausnarketa batzuk egin beharko lituzke bere portaeraz eta egin dituen oker nabarmenez. Lehendabizi, Errusia mespretxatuz eta Historia ahaztuz. Gero, Putinek adierazitakoak gutxietsiz eta izan zezaketen eragina kontutan hartu gabe. Errusiak, ziur aski, Putinek nahiko zukeena baino indar gutxiago du, eta eragozpen handiak izango lituzke eskatzen duen potentzia eginkizuna betetzeko. Baina mundua hankaz gora jarri eta Mendebaldea beldurtzeko adina sasoi erakutsi digu.
Orain jakin beharko genuke zein ardura eta konpromiso hartzeko prest gauden gerra galdu aurretik ia edozer gauza egingo duela dirudien presidentearen aurrean.