Itxi

Iruzkina

Itxaropena

Juanjo San Miguel

Ukrainarrek bakea berreskuratu nahi dute. Mendebaldeak leporaino iritsi zaigun egonezina baretu. Txinak eta Estatu Batuek ez omen dute gerrarik nahi. Errusiarren gehiengoa gerraren kontrakoa da, Putinen erabakiek oinarria badutela pentsatu arren.

Leherketen oihartzunen gisa, Ukrainatik iritsitako albisteek, edo albiste izan nahi duten itzalek, ezer gutxi argitzen digute han gertatzen ari denaz. Batzuek ez dute irudirik zabaldu nahi, beste batzuek ezin dituzte era egokian argitaratu. Ustez han gertatzen denaz jakitun direnek, edo horrelako egoeratan joerak eta aukerak zeintzuk diren omen dakitenek, ez digute apenas ezer argitzen, besteak beste, iritzi ezberdinak, eta gehienetan kontrajarriak azaltzen dizkigutelako.

Gaur, Errusiarren erasoa hasi zela 22 egun bete direnean, horietako aditu batzuek diote txarrena iristear dela, guztia okertuko dela eta sarraskien zipriztinek gure alkandorak ere zikinduko dituztela. Badira borroka lekuetan akordioa berandu baino lehenago izango dela uste dutenak, gatazkaren ondorioek luze iraungo badute ere. Beste batzuek diote Ukrainakoak Nazioarteko harremanak eta geopolitikaren orekak aldatu dituela, eta oraindik ezinezkoa zaigula hori nola gauzatuko den antzematea. Errealitatearen nondik norakoak adierazten dizkiguten zenbaitek dio Errusiarren eraso plangintza gaizki atera dela, epe laburrean herrialde osoa kontrolpean izatea espero zutela, baina ezinezkoa bihurtu zaiela; bada uste duena, aldiz, taktika hutsa dela, Errusiak ahal badu, ez duela txikiziorik egin nahi, eta epeen luzatze honek Ukrainan bertan eta Europa osoan kezka eta beldurra zabaltzea duela helburu.

Psikologian eta geoestrategian jakintsuek, Putinen buru arazoak azpimarratzen dizkigute, psikopata beldurgarri baten mehatxupean gaudela; beste batzuek, aldiz, orain gertatzen ari dena, mendebaldeak aspaldi hasitako bidearen ondorioa besterik ez dela diote, eta Errusiak badituela egin duena egiteko arrazoiak. Ezjakintasunean oinarritutako pentsamenduak, teoriak eta arrazoiak hutsak dira, ez dute baliorik, baina jakitun gehiegiren kontraesanek sortzen duten nahasmenak kalte handiagoa eragiten dute informazio ezak baino.

Ez dakigu zer gertatuko den datozen egun, aste eta hilabetetan Ukrainan. Ez dakigu zer dagoen Putinen buruan. Ez dakigu zertaz hitz egiten duten negoziazio mahaietan. Ez dakigu Txina Errusiari laguntzen ari ote zaion, ala hemen ere bere interesak ote diren eragile bakarra. Ez dakigu Estatu Batuak demokrazia eta gizarte eredu jakin bat babesten ari ote diren, ala Europan galdutako itzala berreskuratu nahian…

Ukrainarrek bakea berreskuratu nahi dute, orain dela 22 egun arte normala zena lehenbailehen itzuli dadila. Mendebaldeak leporaino iritsi zaigun egonezina baretu. Txinak eta Estatu Batuek ez omen dute gerrarik nahi. Errusiarren gehiengoa gerraren kontrakoa da, Putinen erabakiek oinarria badutela pentsatu arren. Guzti hau hala bada, pentsa genezake itxaropenerako zirrikituren bat ireki litekeela, gizateria erabat zoratu ez bada behintzat.