Itxi

Iruzkina

Maitasuna

Juanjo San Miguel

Frantziako hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzten aditu eta hedabide askoren iritziz, Macroni botoa eman diotenek, hoberik ez zegoelako aukeratu dute, baina ez dute presidentea maite. Ez dugu politiko bat aukeratzen, ordea, ederra, alaia edo maitagarria delako.

Frantziako hauteskundeen emaitzen azterketa egin duten aditu, kritiko eta komunikabide gehienek, Macroni botoa eman diotenek, hoberik ez zegoelako aukeratu dutela azpimarratu dute, baina ez dutela presidentea maite. Macronen irudia ez dela onena ere adierazi dute, harroa delako eta herritarrengandik urruti dagoelako. Baliteke guzti hori egia izatea, baina botoen % ia 60 lortu duen hautagaiak beste zer edo zer izan beharko al du?.

Macronen bost urteko agintealdia azken hamarkadetako zailena izan da. Pandemia hasi aurretik, txaleko horiek, herritar askoren ondoeza agerian utzi zuten, urtetako protesta gogorrenak eraginez. Pandemiak sortutako haserrea eta amorrua begi bistakoak dira. Ukrainako gerrak, aldiz, ekonomia hankaz gora jartzeaz gain, arazo ekonomikoak areagotu ditu eta beldurra eta kezka zabaldu Europa osoan. Guzti horri aurre egin behar izan dio Macronek eta hala ere, botoa ematera joan diren frantsesen bi herenak bera aukeratu du.

Botoa ematerakoan dauden aukeren artean hautatu behar dugu, askotan horietariko bakarra ez zaigu egokia iruditzen, baina besteekin alderatuta hartzen dugu erabakia. Ez dugu politiko bat aukeratzen ederra, alaia edo maitagarria delako, agindu duena edo egin lezakeena aproposa eta komenigarria dela iruditzen zaigulako

Frantziako hauteskunde hauek garai berriak bizi ditugula erakutsi digute. Bosgarren errepublika sortu eta garatu duten alderdiak iragana bihurtu dira, herritarren konfiantza galdu dute eta zaila dirudi suspertzeko aukera izatea.

Mundua azkar eta asko aldatu da azken urtetan, teknologiak, lan egiteko erak, aisialdia bizitzeko moduak, pertsonen arteko harremanak… zeharo ezberdinak dira eta erakundeetatik, erabakiak hartzen diren lekuetatik, erantzun desberdinak behar dituzte, sasoi berriek sortutako galtzaileak atzean geratu ez daitezen, taldeek, gizarteek, herrialdeek elkarrekin bidea aurkitu dezaten. Gero eta nabarmenagoa den indibidualismoak eta talde txikikeriak gizartea zatitu ez dezaten. Eta hori egiteko, garai berrietara egokitu eta gizartean berriro proiektu bateratuak eraikitzeko, badirudi eskuinetik eta ezkerretik eragozpenak dituztela, Frantziako boto emaileek behintzat, ez dute uste alderdi horietatik iritsiko zaizkiela arazoen erantzunak.

Esan bezala, garai berriek ideia, proiektu eta jarrera berritzaileak eskatzen dituzte, Frantzian eta beste herrialde guztietan. Horrenbeste azpimarratu den zatiketa ez da Frantzian beste herrialde batzuetan baino handiagoa ezta ondoeza ere. Eta egoera bideratzeko aukeren bila eskuinera begiratuz gero, gizateria bezain zaharrak diren ereduak eta konponbideak eskaintzen dizkigu behin eta berriz hauteskundeak galdu dituen emakumeak: Ezkerrean, berriz, kontu berriak eskaintzen dizkigun gizonezkoak 71 urte ditu, 32 urtetan gobernatu eta erabakiak hartzeko aukerak izan dituen alderdian ardura handiko postuak izan ditu eta bizi guztian altxor publikotik bizi izan da.