Iruzkina
Ezina
Juanjo San Miguel
Nazio Batuen sorrerak erakutsi zigun indartsuenek eta irabazleek idazten dutela historia, beraiek ezartzen dituztela joko arauak, eta ez dituztela beste guztientzat onartutakoa bete nahi.
Orain dela 77 urte Europa suntsituta zegoen, gizateriak inoiz pairatutako sarraski beldurgarrienaren ondoren. Mundu guztia astindu zuen gatazka beldurgarri haren irabazleek konpromisua hartu zuten horrelakorik berriro gerta ez zedin tresnak eta baliabideak sortzeko. 51 herrialdek parte hartu zuten Nazio Batuen sorrera hartan, eta orduan idatzitakoan, onartutako konpromisuetan, ez da aldaketarik izan.
Erakundearen helburu nagusia, Nazioartean bakea eta segurtasuna urratu ez zitezen etengabeko eta mugagabeko ahalegina egitea izango zen hortik aurrera. Baita, herrien arteko adiskidetasuna eta elkarlana bultzatzea ere, pobrezia, gaitzak, gosea eta analfabetismoa gainditzeko. Helburu horiek lortzeko, erakundea irabazleen neurrira antolatu eta egokitu zuten, eta jatorrizko akats hura bihurtu da egungo arazoen eragile nagusia.
Apirilaren 28an, Antonio Guterres, Nazio Batuetako idazkari nagusia Ukrainako hiriburuan zegoela, errusiarrek jaurtitako bi misil erori ziren bera eta lehen ministro ukrainarra elkartuta zeuden egoitzatik gertu. Asteak ziren errusiarrek Kieven aurka eraso egiten ez zutela, eta misil jaurtiketa hura Nazio Batuen izenak eta ordezkaritzak jasotako azken kolpearen irudikapena izan zen. Segurtasun Batzordeko kide batek, Nazioarteko arauak hautsi, beste estatu bati eraso egin eta erakundeko ordezkari gorenari erakutsi nahi izan baitzion bere aginteak ez duela ezer balio, agintea eta eskumena beste batzuen esku dagoelako, indartsuen esku.
Nazio Batuek, giza jarduera guztiak arautu, lagundu eta bideratzeko erakundeak ditu, eta zenbait arlotan bere lana goraipatzeko modukoa da, oraindik errespetoa merezi duelako, giza laguntzan, gosearen kontrako borrokan edo osasun arloan. Baina sortu zeneko helburu nagusiak ezin izan ditu bete. Behin baino gehiagotan, Segurtasun Batzordean beto eskubidea izanik, bakearen alde ardura handiena duten herrialdeek, ez dute arduraz jokatu nahi izan eta euren interesak gizateriaren beharren eta aldarrikapenen aurretik jarri dituzte. Batzuetan potentzien arteko borrokak ekarri du adostasun eza, baten ustezko helburuek bestearenak urratzen zituelako. Baina 2003an Estatu Batuek Iraken egin zutenak, eta aurten Errusiak Ukrainan izandako jokaerak, legeak, arauak, mugak eta gizatasunaren oinarriak zapuztu dituzte.
Ukrainako inbasioa hasi zenetik, Errusiari indarraren hizkuntza aukeratu izana leporatu zaio. Akordioak, konpromisuak eta berak sinatutako hitzarmenak zapaltzea. Eta egia da. Baina Nazio Batuen sorrerak erakutsi zigun indartsuenek eta irabazleek idazten dutela historia, beraiek ezartzen dituztela joko arauak, eta ez dituztela beste guztientzat onartutakoa bete nahi. Txinak, Errusiak eta Estatu Batuek ez dute onartzen Nazioarteko Auzitegien zilegitasuna euren soldaduak eta diplomatikoak epaitzeko. Nazio Batuen erabakiei entzungor egiten diete beraien aurkakoak badira, Mundu honetatik kanpo arituko bailiran giza eskubideak jokoan sartzen direnean.