Kargatzen...
Itxi

Sinadura

Baina ba al da zinema egiterik sosik gabe?

Begoña del Teso

Zinema mundua ez da debalde. Eta gutako askoren aburuz, pelikulak dira bizitzak dituen gauzarik onenetarikoak. Beraz, zergatik eta nolatan ez dira dohainik egiten, ikusten? Ba, Zergatik ez/ Parce que/Because/ Porque no…

Ikuskizunaren munduan  badira izenburu bereko bi kanta. Bata aspaldi-aspaldikoa, 1927koa. Besteak  30 urte berri ditu. Biek mezu bera bidaltzen digute. The Best Things of Life Are Free / Bizitzaren hoberena, debaldekoa da.

Polita oso, egokia zinez baina ederki daki entzule/irakurleak gezur hutsa dela esaldia. Baina ez du inporta. Gustura aditu ohi ditugu biak. Zaharrena maite ditugun ia izar guztiek egin dute abestu: Barbra Streisandek, Frank Sinatrak… Sidney Pollack-en They Shoot Horses, don´t They/Bailad bailad malditos/On achève bien les chevaux film garratzean mikatz entzuten zen. Bestea ordea , Grammy sarietan izan zen  finalista. Mo´Money pelikularako sortu zuten  Jam, Lewis, Michael Bivins  eta Ronnie DeVoe hip-hop eta rapeko musikariek Luther Vandrossek eta Janet Jacksonek kanta zezaten.

Biak dira famatuak. Biak  daude  gutako askoren bizitzaren soinu bandan… nahiz eta ederki jakin gezur hutsa esaten dutela, mundu honetan ia dena pagatu behar duzulako. Askotan larrutik ere.

Zinema munduan badira hamaika etsenplu. Autore ausartetan ausartenek larrua eta esperantzak galdu ohi egiten dituzte euren ametsak errealitatera ekartzeko asmo zoro/ederretan. 

Krudela izan da beti mundu hori irudikorrentzako. Are krudelagoak diru kontuak maneiatzen zituzten/ dituzten ekoizleak, merkatariak. Ez da ofizio merkea zinemarena. Garestia da dena bertan, nahiz eta egungo kamerak ez izan oraintxe arte ezinbestekoak ziren  munstro horiek, baizik eta kasik poltsikoan gordetzen dituzun nano-gailuak.

Dirua inbertitu behar da teknologian, publizitatean, kopietan. Sosak behar dira izarrak kontratatzeko. Baita  catering enpresa on bat nahi baduzu ere. Ez da pagotxa garraio zerbitzuei pagatu beharrekoa. Ezta garai hauetan, covid aferaz arduratzen direnen soldatak ere…

Ez. Zinema mundua (ez Hollywooden ez gurean ez gure inguruetako zeluloidezko lurretan) ez da debalde. Eta gutako askoren aburuz, pelikulak dira bizitzak dituen gauzarik onenetarikoak. Beraz, zergatik eta nolatan ez dira dohainik egiten, ikusten? Ba, Zergatik ez/ Parce que/Because/ Porque no…

Ez izan triste, arren. Beti daude salbuespenak  multibertso gurean. Are gehiago, are harrigarriagoak, are, gozagarriagoak San Joan egunean estreinatzen badira. Ederki dakizuenez, San Joan egunean badago ametsak bete daitezen eskatzerik. Goiko Jaunari edo Behekoari. Ilargiari edo Eguzkiari. Aingeruei edo Demonioei.

San Juan egunean estreinatu zen, debalde, Amasa- Villabonako Gurea Aretoan sosik bat ere (bai, apika esajerazioz ari naiz idazten) kostatu ez den 20 minutuko  pelikula bat, sustraiak lurrean, basoan, haranetan  izan arren azpiko eta goiko munduetara hegan egiten duena. Digitalean eta droneak erbiliz burutua baden ere, zura, harria, burdina, sua dituena lehengai .

Baina  sosik ere (agian euro batzuk besterik ez) ez da kostatu. Orain crowdfunding (finantzaketa kolektiboa, hots) izenaz ezagutzen dugun auzolanaz egin delako? Litekeena da. Baina  istorioa haratago doa, zin egiten dizuet; egileek ez dute zentimo bat ere jaso beren lanaren eta ametsaren truke. Ez dute, alta, txanpon bat ere pagatu. Gaitz erdi. Galdu ez dute ezer galdu. Irabazi, gauza franko. Jokoan jarritako indarrak  berreskuratzeko lagunek pasatako energia barne.

Orain plataformetarako, merkatuetarako, Arte Garaikidetako Zentroen  pantailetarako,  Naturan, Naturarekin, Naturarentzat sortzen eta gozatzen den Land Art izenaz ezaguturiko eremu bisualetarako bidea eta bidaiari ekingo dion  Gizatasunetik Jainkotasunera lanaz ari natzaizue izkribuan.

Ez pentsa  merezimendu gutxiko  jendeak egina delako  atera dela musu-truk eta urririk filma. Ez horixe. Inolaz ere. Dohainez beteriko jendaia agertzen da kamera aurrean, kamera atzean  eta kreditu tituluetan.  Alde batetik, gure kultura bizian sona onekoak, pisu handikoak eta arras estimatuak diren Ramon Balerdi eta Jon Iñaki Ormazabal sortzaileak. Basoetan, galdutako kaminoetan, abandonaturiko lantegietan, muga-ez-muga diren mendi lepoetan, Florentzian Azkaraten nola, tematu dira biak. Infernurako zein Paradisuetako  pasabideak bilatzen, aurkitzen.

Filmean lanean ikusten ditugu. Eta kontu kontari. Euskaraz, gaztelaniaz. Biak uztartuz. Biak ala biak erraz eta erruz erabiltzen. Elkar komunikatzeko. Airean, suaren ondoan. Gauez. Egunez.

Nork hartu zuen kamera lepoan? Irudi kontuetan edozertarako gauza den Ernesto Jimenezek. Lantalde majo bat izan zuen ondoan. Droneak gidatzen eskarmentu polita duen Oscar Arregui hortik ibili zen aireko irudiak zehazten…

Akelarrean ibili ziren denak Azkarate eta Bedaioren artean. Baita Zunbeltz Antzerki Taldea ere. Eta Et Incarnatus Orkestraren musikariak eta eta eta… Jende pila. Aldamenetako herrietako ola gizonak,  harginak,  garraioetakoak…

Agian  arrimatu ziren jakin-minez zirelako. Nahi zuten, genuen, denok jakin Jon Iñaki eta Ramon zuzen ote ziren euren burutaziotan. Beren esanetan, gure barrenetan gutako askok oraindik ezagutzen ez dugun jainko bat  dago. Benetan????!!

Bila aritu ginen Amasa-Villabonan. San Joan egunean. Dohain. Debalde ere izan zen Aranburu Ardoak etxeak eta Pantta tabernak eskainitako luntxa. Jainkoak ere txurrutak eta txorizoak gustuko ditu, ez izan dudarik. Guk jainkotasuna badugu barrenetan, Goiko eta Beheko Jaun eta Andereek seguru badutela lagunen arteko pintxopotean gustura dabilen humanoa.