Iruzkina
Defentsa
Juanjo San Miguel
Europako gobernuek eta herritarrok pentsatu dugu gerra iraganeko kontua zela, gure lurretan gaur egun ezinezkoa zela mendeetan zehar gure harremanak baldintzatu dituzten gatazka bortitzak berriro suspertzea. Halako batean, ia inork espero ez zuen leherketak amets lasaia amesgaizto bihurtu digu.
Ukrainako gerrak urtetan ezkutuan izan diren kontraesanak azaleratu ditu Europako Mendebaldeko herrialdetan. Horietatik nabarmenenak gure burua defendatzeko beharraz eta ahalegin horretan hartu beharreko erabakien inguruan sortutakoak dira zalantzarik gabe.
Europako gobernuek eta herritarrok pentsatu dugu gerra iraganeko kontua zela, gure lurretan gaur egun ezinezkoa zela mendeetan zehar gure harremanak baldintzatu dituzten gatazka bortitzak berriro suspertzea. Uste genuen garai hauetan beste tresna batzuk genituela konponezinak bideratzeko eta adostasun faltak borroka eragin ez dezan. Hori beste nonbaiten gertatzen zen eta gerta zitekeen, baina ez gure etxean.
Halako batean, ia inork espero ez zuen leherketak amets lasaia amesgaizto bihurtu digu, iraganaren gaurkotasuna aitortu behar izan dugu, oraindik gehienok pentsatu arren gure mugetan gertatzen ari dena ez dela auzoraino iritsiko. Baina kolpeak berehalako ondorioak izan ditu, ez horrenbeste oraindik hasi besterik ez den eragin ekonomikoagatik, egoerari aurre egiteko jarreretan ekarri dituen aldaketa sakonetan baizik.
Finlandiak eta Suediak, neutraltasunaren irudi eta ikur nagusiek, NATO erakundean sarrera eskatu dute. Alemaniako berdeek, pazifismoaren aitzindariek, Ukraina armatzeko beharra aldarrikatu dute eta ez dute inongo zalantzarik izan defentsa alorra indartu eta aurrekontuak handitzeko.
Hegoaldean zalantza gehiago sortu da. Italian, herritar kopuru handiak ez du jarrera garbirik azaldu edo Errusiaren alde jo du. Espainian, gobernua zatitu egin da aro berriari eman beharreko erantzuna finkatzerako orduan. Baina erantzuna modu batekoa edo bestekoa izan arren, gatazka honek posmodernitatearen ameskeria bat batean ezabatu du.
Urteetan bizi genuenak, uste genuenak eta adierazitakoak inongo antzik eta loturarik ez bazuten ere, horrek ez zigun apenas kontraesanik sortzen, gure hitzek eta erabakiek ez zutelako aparteko eraginik. Orain, berriz, bizitzaz eta heriotzaz ari gara. Lanaz eta goseaz. Justiziaz eta eskubideez…
Eta ohartu gara demokrazia ez dela zerutik eroritako oparia. Berezkoa eta agorrezina zirudiena galdu litekeela eta ordezkoa beldurgarria izan litekeela jabetu gara. Eta horrelakoetan erabakiak hartzea ezinbestekoa dela munduan non gauden jakin eta leku horri eutsi nahi badiogu. Armak, gizakiok asmatu ditugun tresna guztiak bezalaxe, ez dira ez onak ez txarrak, erabilerak adierazten digu jokaera zuzena ala okerra izan ote den.
Europak Estatu Batuekiko menpekotasuna gainditu behar du eta bere burujabetza berreskuratu baita alor honetan ere, baina hori dirutan, Washingtonek eskatzen digun konpromisua baino askoz garestiagoa da.