Itxi

Analisia

Herentzia

JUANJO SAN MIGUEL BERGARETXE

Ukaezina da gaur egungo gazteek guk, orain agintzen eta erabakitzen dugunok, edo agindu eta erabakitzen dutenak aukeratzen ditugunok, eraiki edo eraitsitakoa bizi beharko dutela.

Edade bat dugun pertsonok sarri esan dugu, egungo gazteak direla etorkizuna, beraien esku dagoela datorrena eraiki eta erronkei aurre egitea. Baina beste batzuek erantzuten digute esanez gu, adinean aurrera egin dugunok garela gazte horien etorkizuna, gu garelako beraiek izango direna gure adinera iristen badira.

Eztabaida honek ziur aski ez du amaierarik, baina ukaezina da gaur egungo gazteek guk, orain agintzen eta erabakitzen dugunok, edo agindu eta erabakitzen dutenak aukeratzen ditugunok, eraiki edo eraitsitakoa bizi beharko dutela. Eta jaraunspenaren sobrea irekitzen dutenean ez dirudi aurkituko dutena pozteko modukoa izango denik.

Ukrainako gatazkak aspaldiko joerak areagotu ditu. 2015n, Parisen klima aldaketari aurre egiteko sinatutako baldintza bakarra ez dugu bete, erregai fosilen erabilerak ez du oraindik goia jo, eta ustezko behar ekonomikoek bultzatuta ez dugu inongo asmorik zikintzeari, kutsatzeari eta ingurumena hondatzeari uzteko.

Pandemiak salbuespen egoera sortu zuenez, normaltzat jo genuen ezohiko neurri eta erabakiak hartzea. Ekonomiak jasandako kolpeari aurre egiteko, gehienok ontzat eman genituen ordurarte onartezinak izan zitezkeen erabakiak. Gero Ukrainakoak leherketa ekarri du, batzuen beharrei aurre egiteko, beste batzuek eskuak aske dituzte ia edozer gauza egiteko, premiak garrantzitsua zapaldu duelako. Adituek behin eta berriz adierazi digute, ingurumen orekaturik gabe gizateriak jai duela, ez duela etorkizunik. Baina gaur etsaiak garenok, eta atzo aliatuak zirenek beste zer edo zer egin dugu. Ekonomia aitzakiatzat hartuta egin dugun gehienak iruzur itxura du hala ere, egungo egoerari aurre egiteko leporaino zorpetzen ari garelako.

Europako herrialde gehienek, urtean sortu dezaketen aberastasun guztia baino zor handiagoa pilatu dugu, eta sakoneko aldaketarik ez badago zama hori gero eta astunagoa izango da, egungo konponketa etorkizuneko arazo bihurtzen ari garelako. Mendebaldeko ekonomian, bestalde, lan baldintzak urtetik urtera eskasagoak dira, soldatak murrizten ari dira eta ondo daudenak gero eta gutxiago dira. Gizarte barruko aldea, aldiz, gero eta nabarmenagoa da. Eta guzti hau gutxi balitz, azken hamarkadetan sendoa zirudien sistema politikoa, akats eta inperfekzio asko duen demokrazia kolokan dago eta ez dugu ordezkorik asmatu.

Egia da guzti hau Mendebaldeari buruz esan dezakegula, Munduko beste lurraldeetan kontatuko zuketena beste zerbait delako, leku gehienetan ez dutelako gure ongizate sistemaren antzerako ezer bizi izan inoiz. Baina lurra bakarra da gizateria anitza izan arren, eta datorrena Artikoan eta Madagaskarren antzemango dute, bakoitzaren ardura oso ezberdina izan arren egindako txikizio honetan.

20 urte duzunean pentsatzen duzu inoiz ez zarela gaixotuko, ez zarela sekula hilko eta etorkizunean guztia posible dela. Hobe horrela.