Itxi

Iruzkina

Egia

Juanjo San Miguel

Egia lehen tiroa egin aurretik da biktima nagusia. Gure burua baieztatzeko kontrarioa behar dugu. Parean ez badugu urrutiago joango gara bila. Gertatutakoak ez badigu kontakizuna borobiltzen, asmatu egingo dugu.

Esan ohi da gerra guztietako lehen biktima egia dela. Guztiok gezurra zilegi bihurtzen dugu, jokoan dagoena handiegia delako eta etsaiari iruzur egitea indarkeria jardueraren zutabeetako bat bihurtu dugulako. Hain garbi ez dago, hala ere, noiz hasten den gezurra egiaren ordezko bihurtzen.

Armada bakoitzaren plangintza orokorrak, ustekabeko kontraerasoak edo atxilotutakoak askatzeko operazioak ezkutukoak behar dute izan, derrigorrez. Soldaduen joan-etorriak, hornidura iturrien kokapenak eta babes lekuen ezaugarriak gerra sekretuak izan litezke. Gerra aldarrikatzeko edo erasoei ekiteko arrazoiek garbiak eta gardenak behar dute izan, soldaduek eta herriek zeren alde borrokan ari diren jakin dezaten eta lekukoek eta kanpoko begiraleek uler dezaten hiltzeko arrazoia ez dela arinkeriaz edo botere eta aberastasun egarriz finkatu.

Inork ez du odola isurtzeko erabakia hartzen goiz batean esnatu ondorengo bulkadak hori adierazi diolako, sekula ez digute esango buru kolpe batek eraman duela herri bat gerrara. Guztiek arrazoiren bat dute, emandako pausoa ezinbestekoa izan dela jakin dezagun. Historian idatzitakoa erakusten digute, egin dutena egiteko beste erremediorik ez zutela onar dezagun.

Baina urteetan atzera eginda, lehertutako gatazken jatorrietara joz gero, antzerako kontuak aurkitzen ditugu beti: menderatzeko borondatea, ustezko mehatxuei aurre egiteko beharra, gertuko edo aspaldiko zorrak kitatzeko ahalegina… Historia irabazleek idazten dute; galtzaileak, aldiz, goitik behera aldatzen ahalegintzen dira horretarako aukera txikiena suertatzen zaienean.

Iragana ezagutzeko lekukoak eta baliabideak falta zaizkigu sarri; egungoa ulertzeko, egoeraren osotasuna. Gizakien arteko borroka guztien leherketak aurrez prestatutako giroak eragiten ditu, eta giro horren oinarrian, susmo txarrenen zantzuak, euskarri sendorik gabeko eraikuntzak, aspaldi iraungitako arrazoiak, erdipurdiko egiak eta gezur  borobilak azaltzen zaizkigu ia beti. Gerrara joateko beste aukerarik izan ez duela dionak, zerbait irabazteko aukera duela uste duelako hartuko du erabakia, arrazoi berdinak izanik, beste modu bateko burutazioak izango lituzkeelako etorkizunak hondamendia erakutsiko balio. Eta hori ukaezina bihurtzen zaigu gatazkak aurrera egin ahala, hasierako eragileak aldatzen direnean, mezuen esanahia beste bat denean ,sarraskiak aurreikusitako ondorioen kontrakoak dituenean.

Egia lehen tiroa egin aurretik da biktima nagusia. Gure burua baieztatzeko kontrarioa behar dugu. Parean ez badugu urrutiago joango gara bila. Gertatutakoak ez badigu kontakizuna borobiltzen, asmatu egingo dugu. Etsaia beldurgarria eta arriskutsua ez bada, komeni zaigun irudia emango diogu… Eta guzti honek sinesgarritasuna izan dezan eta ukaezina bihurtu dadin, biktimak garela argi utziko dugu, gaur egun, biktima ez dena ez baita ezer.