Itxi

Sinadura

Egizu irri, musikak dirauen bitartean

Begoña del Teso

Zinema irudia al da soil-soilik? Hona hemen musikaren eta soinuaren aldeko bost etsenplu derrigorrezko: Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II Ainhoa, Andrew Dominiken Blonde,  Parker Finnen Smile, Brett Morgenen Moonage DayDream  eta Claire Denisen Avec amour et acharnement.

Aspaldi-aspaldikoa, aspaldi zaharrekoa, antzinakoa, behinolakoa da auzia, afera, tirabira. Behin baino gehiagotan ekarri dugu orri honetara. Behin eta berriro izango gara, ez izan dudarik, sesio gozoan, disputa amaigabean: zinema irudia al da soil-soilik? Zinemak, zinema benetakoak, hitzik, soinurik, musikarik behar al du? Osatu egiten al dute film bat musikak, soinuak, berbak edo ikuslearen atentzioa desbideratu baino besterik ez?

Inork ez du eta ez du inoiz izango arrapostu zuzenik, jainko eta deabru guztiei esker. Eta ez du izango, gero eta nahitaezkoagoa, gero eta ezinbestekoagoa, gero eta osagai egokiagoa ari baita bilakatzen musika hainbat eta hainbat pelikula beren osotasun osoan harrapa /gureganatu ditzagun.

Hona hemen, zuen plazererako, zuentzako opari moduan,  musikaren eta soinuaren aldeko bost etsenplu derrigorrezko: Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II Ainhoa, Andrew Dominiken Blonde,  Parker Finnen Smile, Brett Morgenen Moonage DayDream  eta Claire Denisen Avec amour et acharnement.

Horietako bat ere ez litzateke den pelikula izango musikarik gabe. Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan  aritu zen  musikariaren animaziozko zinema puskan, kasu, kontakizunaren DNAn  da zizelkatua, soinu banda. Egituratu egin du filma. Mamitu. Bere nondik norakoa markatu. Mursego, Imanol, Broken Brothers Brass Band, The Pogues, Barricada, Benny Moré, Cicatriz, Redskins…  Horiek gabe, Ainhoa ez litzateke existituko….

Smilek  ustekabean harrapatu gaitu beldurzale oro.  Umezurtz sentitzen ginen momentuan iritsi zaigu, zeren urteetan zehar  urriaren azken gauean  gure etxe ondoko pantailak bete ohi zituen Halloween izenburuko sagaren akabera iragarri  baitute aurten.

Zotinka ginela, Parker Finnek dardarazio berri eta eutsiezina eskaini izan digu, gure suizidioarekin  bere burua elikatzen duen izaki baten hasierako potreta, hots.

Beldur ikaragarria sorrarazten duen filma da Parkerrena. Baina etxera bidean zure atzetik doana ez da kreaturaren itzala baizik eta Kanadan bizi arren, jatorriz Txilekoa den Cristobal Tapia de Veeren  soinu bandaren oihartzuna. Gera zaitez entzuten azken kreditu tituluak bukatu arte. Ea  belarriak tapatu gabe aguantatzerik duzun.

Jende frankok ez du onartu Carol Joyce Oatesen liburua abiapuntu hartzen duen Blonde izenburuko filma. Gogor eta krudel ari dira erasoan. Izugarrizko arte lan fikziozkoa dela ezin dute ameto eman. Uko eta muzin egiten diote Nick Cavek berak sortutako musikari ere. Bai, Norma Jean izena zuen Marilyn Monroe izar handi haren tragediari amesgaiztoaren doinua jartzen dion  maisulan horri egiten diote iseka. Sinestezina, arras askoren  jarrera esker txarrekoa.

Aldiz, txalo zaparradaz hartzen dute ikusle-entzuleek  David Bowieren inguruko irudi eta soinu miraria den Moonage DayDream. Nola bestela? Momentu askotan zera sentitzen duzu zure  nerbio-sistemaren puntetan: pantaila lehertzear dela. Zarataz, kolorez, edertasunez, misterioz, liluraz.

Claire Denisen Avec Amour et acharnement desiraren inguruko hausnarketa mingarria da. Hain da bertan garrantzi handikoa soinu banda, egunotan Errioxako hiriburuan kontzertua emango duen Tindersticks taldearena, ezen ingelesez jarri dioten izena hor entzuten den abesti baten izenburua baita: Both Sides of the Blade, Labanaren bi aho.

Ikusten? Hobe esanda, aditzen? entzuten? Soinurik gabe, zinemarik ez. Ala igual bai, igual izango litzateke baina emaitza ez zen iguala izango.