ANALISIA
Sunak hautatuta, iskanbilak ez dira amaitu Erresuma Batuan
FELIPE ETXEBARRIA
Alderdi Kontserbadoreko buruzagi eta Gobernu britainiarreko lehen ministro Rishi Sunak aukeratzea lorpen garrantzitsua izan da Erresuma Batuan ez ezik, etorkin kopuru handia duten Europako herrialdeetan ere bai.
Baina, hausnarketa horietarako ez dago orain denborarik Erresuma Batuan, Sunakek lan ikaragarria baitu egiteko.
Drama britainiarra orain amaitu dela dirudi, eta galdera da, benetan lehen ministro berri honekin amaitu ote den. Rishi Sunak aukeratuta, kontserbadore britainiarrek gaitasun handiena duen hautagaia aukeratu dute, baina bere lana une honetan dauden arazo ekonomikok eta politiko erraldoiak konpontzea izango da .
Boris Johnsonen jarraitzaileak haserre daude, Johnson erretiratu egin delako. Hori dela eta, orain hauteskunde berriak eskatzen hasi dira. Eta horrek adierazten du arazoak izango direla, oraindik, alderdi barruan.
Sunakek lasaitasun puntu bat dakar, baina arazo asko konpondu beharko ditu . Egoera normalean agintari bati lehenengo 100 egunetako grazia eskaintzen zaio, eta kasu honetan ere hala izango dela uste da etorkin indiarren seme honekin. Erresuma Batuan gutxiengo etniko bateko semea boterera heltzen den lehen aldia da.
Lorpen honek, Erresuma Batukoa izanda, etorkin kopuru handia duten Europako beste herrialdeetan ere bidea erakusten du.
Baina, orain premia handiago duten beste arazo batzuk daude Erresuma Batuan. Une honetan, ekonomia britainiarra maldan behera doa, eta horrez gain, 'Brexit'aren ondorioei aurre egin beharko diete, covidaren aukako politikak sortutako zorra ere hor dago, Ukrainako gerraren ondorio agerikoak dira eta Liz Trussek utzitako aurrekontu txikiaren ondorioak konpondu beharko dira. Berehala hartu beharreko neurriak erabakiko dituela espero da.
Boris Johnsonen Gobernuan finantza ministro izandakoak bi zenbakiko inflazioari aurre egin beharko dio, produktibitate ahula suspertu, eta eskulan urritasunari irtenbidea bilatu, gizarteko ekonomia alor garrantzitsuetan. Horrez gain, Europar Batasunarekin harremanak baretu beharko ditu, Ipar Irlandari buruzko protokoloa errespetatuz.
Erronka guzti horiei aurre egiteko, krisi ekonomikoa eta politikoaren ondorioz, oso zatituta dagoen alderdiko talde ezberdinen artean batasuna lortu beharko du.