Itxi

Analisia

Mekanismoa irtenbidea da, baina garaiz iritsiko al da?

Jesus Torquemada

Estatu batek erreskatea eskatzen badu, Bruselak esku hartzen du estatu horretan, eta honek, subirautza ekonomikoa galtzen du.

Banketxeek Europako Erreskate Funtsetik zuzenean dirua jasotzeko aukera izatea irtenbide egokia izan liteke, ez soilik Espainiako banketxeentzat, baita zailtasunak dituzten Europako beste herrialde batzuetako banketxeentzat ere.

Baina horretarako asko aldatu behar dira gauzak, eta, epe motzera gainera. Datorren Uztailaren 1ean sartuko da indarrean Egonkortasunerako Europako Mekanismoa, erreskate funts iraunkorra da azken hiru urteotan indarrean egon den behin behineko erreskate funtsaren lekukoa hartuko duena. Mekanismoaren arauak argiak dira: funts horren laguntza soilik estatuetara bideratuta dago eta estatuak izan behar dira laguntza hori eskatzen dutenak.

Ezberdintasun garrantzitsu bat dute ordea: Estatu batek erreskatea eskatzen badu, Bruselak esku hartzen du estatu horretan, eta honek, subirautza ekonomikoa galtzen du, gainera ajuste fiskalari dagokionez, baldintza gogorrak bete behar izaten ditu.

Horixe da hain zuzen ere Grezian, Irlandan eta Portugalen gertatzen ari dena. Baina, aldiz, bankuak eskatu eta jasotzen badute erreskate, horrek teorian ez dio estatuari eragiten, eta banketxeak dira eskatzen dizkioten baldintzak bete behar dituztenak.

Europako Batzordeak, Frantziak eta nola ez Espainiak azken aukera hau defendatzen dute, alegia Mekanismo horrek finantzia ditzala zuzenean banketxeak.

Alemania da Mekanismo horretan diru gehien jartzen duen herrialdea, % 27, eta herrialde honek oraingoz ez du aukera hori ontzat eman. Alemaniarekin bat datoz gainera, besteak beste, Finlandia eta Austria. Baina Alemaniak azkenean amore emango balu ere, Mekanismo hori arautzen duen ituna aldatu egin beharko litzateke, eta horretarako, bi herenaren baiezkoa behar da. Ondoren herrialde bakoitzeko parlamentuek berretsi beharko lukete aldaketa eta hori ez da hilabete batean edo bitan egiten.

Ea nork eusten dion bitartean arrisku sariari goruntz jo gabe.