Itxi

Iruzkina

Hauteskundeak begi-bistan

Iñigo Herce

Euskobarometroaren arabera, EAJ-k irabaziko ditu hurrengo hauteskundeak baina EH Bildu koalizioa oso gertu izango du. Hauteskunde aurretiko mugimenduak baldintzatu ditzake inkesta honek.

Euskobarometroak utzi duen argazkia baieztatuz gero, foto finish-a beharko da hurrengo hauteskundeetako irabazlea nor den jakiteko. Boto-portzentajeari eta boto-kopuruari dagokienez, zalantza gutxi dago EAJ izango dela irabazle, Bizkaian duen nagusitasunak ematen dion indarra baliatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde legea dela eta, baina, eserlekuen banaketak ez du nagusitasun hori islatuko. Aspaldian ez bezala, gauzak estu, oso estu, egon daitezkeela dirudi.

Euskobarometroaz gainera, azken hilabeteotan bi inkesta kaleratu dituzte. Vocento taldearenak 24-26 eserleku eman zizkion EAJri; 19-21, EH Bilduri; 14-17, PSE-EEri; 11-12, PPri; eta 2, IU-Ezker Anitzari. Gara egunkariak apirilean kaleratutako galdeketak 24 eserleku eman zizkion Bildu koalizioari; 22, EAJri; 15, PPri; eta 12, PSE-EEri. Ezker Anitzak eserleku bat izango du, emaitza horiek baieztatuz gero.

Euskobarometroak utzitako erretratuarekin, zenbait ondorio atera daitezke. Euskal politikaren mapan lau alderdi bakarrik geratuko dira –bi abertzale, bi estatalista–, nahiz eta alderdi horietako bat –Bildu– beste lauren koalizioa izan. Euskal abertzaletasunaren nagusitasuna erabatekoa izango da. Bestetik, inork ez du gehiengo absoluturik izango, ezta bakarrik agintzeko indar nahikorik ere; beraz, itunak eta koalizioak egitea beste erremediorik ez da egongo. Akordioak osatzerakoan, berriz, EAJri egokituko zaio, irabazten badu, lehen urratsa ematea. Nora begiratuko duen da zalantza nagusia, baina, zenbakiei erreparatuz gero, bi aukera baino ez ditu izango: PSE-EErekin edo EH Bildurekin ados jartzea.

Euskobarometroaren arabera, oraindik ere herritar askok ez dute botoa erabakita. Ondorioz, hauteskundeak egin arte, alderdiak gogor lehiatuko dira herritarren botoaren bila. Alderdi nagusiek euren hautagaiak izendatu dituzte jada. Orain arte entzundakoak entzunda, bakoitzak bere jokalekua markatu du: jeltzaleek PSE-PP itunaren porrota, aldaketaren beharra eta gestio onaren bermea jarriko dute mahai gainean; sozialistek autogobernuaren defentsa Madrilgo murrizketen aurrean eta gizarte politiken aldarrikapena izango dute ikur nagusi; PPk abertzaleen subiranotasun asmoen mamua berpiztuko du, baita sozialisten kudeatzeko gaitasun eza astindu ere; eta EH Bilduk bake-prozesuan eta subiranotasunean urrats gehiago emateko beharra azpimarratuko du. Oraindik ez dago deialdi ofizialik, baina aste honetan hauteskunde giroa bete-betean iritsi da EAEra.