Analisia
AEBn porrot egin du Biden presidentearen migrazio politikak
Felipe Etxebarria
Azken hilabeteetan nabarmen hazi da Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko mugara heltzen diren etorkinen kopurua. Legez kanpo heltzen diren etorkinen kopurua inoizko maila gorenean dago.
Covid pandemiaren aitzakiarekin egiten ziren etorkinen kanporatze automatikoak amaituta eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan sortutako krisiek bultzatuta, nabarmen hazi da Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko mugara heltzen diren etorkinen kopurua. Etxe Zuriak bultzatutako legezko bideek ez dute lortu legez kanpo iristen diren etorkinen kopurua murriztea.
Trumpen garaiaren ondoren, hegoaldeko mugara heltzen diren etorkinenganako jarrera gizatiarragoa nahi zuen Joe Bidenek. Hiru urte igaro dira eta legez kanpo heltzen diren etorkinen kopurua inoizko maila gorenean dago. Kongresuaren zatiketak oztopatuta, Etxe Zuriak ez du lortu azken hauteskunde kanpainan izan zen eztabaidagai nagusia konpontzerik.
2023ko azken hiruhilekoan, AEB osoan 989.000 legez kanpoko etorkin atxilotu zituzten, horien % 80 Mexikoko mugan. Proportzioz, 2023 osoan izan zirenak baino gehiago dira. 2023an izan zen errekorra, 3,2 miloi etorkin iritsi baitziren, horietatik 2,5 milioi hegoaldeko mugara. Datuak AEBko Aduanak eta Mugak Babesteko Bulegoak eman ditu ezagutzera.
"Administrazio honekin, hego-ekialdeko mugan aurkitu ditugun pertsona gehienak atzerriratu ditugu", adierazi du Blas Nüñez-Neto Barne Segurtasun Saileko idazkariondokoak.
Hala ere, kanporatuen kopurua jaitsi egin da, immigrazio legearen 42. titulua baliogabetu eta gero. Tresna horrek legez kanpokoak kanporatzen uzten zuen maiatzera arte, covid-19aren aurkako borrokaren aitzakiarekin. 2013ko maiatzaren eta abenduaren artean, legez kanpoko 472.000 etorkin Mexikora edo haien jatorriko herrialdeetara kanporatu zituzten. Epe horretan, 2,4 milioi etorkin atxilotu zituzten. Hau da, hiru etorkinetik bik (% 63,5), "askatze humanitarioa" izan zuten, AEBko Mugako Patruilaren datuen arabera.
42. titulua baliogabetu eta mugak kudeatzeko lehengo araua itzuli eta gero, denbora gehiago ematen zaie asilo eskatzaileei. Baina hegoaldeko mugan 21.000 plaza baino ez daude atxilotze zentroetan, eta Kongresuko gehiengo errepublikanoak arazo hau erabiltzen du arazo horri aurre egiteko bideak oztopatzeko.
Biden presidentearen administrazioak legezko bideak bultzatu nahi izan ditu, horiek erabiltzen dituzten etorkinei bi urtez bertan bizitzeko baimena eskainiz. Eskaintza horrek neurri batean emaitzak eman ditu, 327.000 etorkinek erabili baitute, baina askoz ere gehiago dira legez kanpoko bide arriskutsuak erabili dituzten etorkinak.