Itxi

Sinadura

Pelikula askotarako, Sofia; pelikula askotarako, Arkasha

Begoña del Teso

Pelikula trakets, petral, mingarri, txepel, txotxolo bat baino gehiago irentsirik, azkenetan geundelako beldur ginela,  abisurik gabe, zalaparta egin barik, bi film apartek besarkatu gaituzte.

Zinemaz elikatzen garenok ez  gara, inolaz ere, jende arautua, ez gaude burutik  oso sano, ez. Izugarrizko gorabeherak ditugu gure aldartean. Bastante bipolar gaituzue. Maiz zeru goienetan sentitzen gara eta sarri infernu beheretan gaudelako inpresioa  hartzen dute gure ondoan izaten atrebitzen diren horiek.

Aparretan gaur eta mixeria psikiko gorrian bihar. Mundua bere akaberara datorrela pentsatzen genuen bart, eta unibertsoaren jabe bagina bezala jokatzen dugu gaurko/biharko ordu txikietan.  Maite dugun elikagai/droga beharrak jota gaudela ematen du orain, eta gailurrean eguzkitan bageunden legez jokatzen dugu ordu batzuk geroago. 

Arraroak gara zinejaleok. Bitxiak. Xelebreak. Ulertuko gaituenik ez da. Ez psikologorik, ez apaizik, ez aztirik, ez terapeutarik, ez psikiatrarik, ez coach horietakorik. Gure ondoan bizi direnek sendaturik, sasoian, gure onetara etorriak garela uste dutenero, berrerorikoa etortzen zaigu. Abisatu gabe. Sintomak isilak dira. Isilak bezain beldurgarri/tamalgarriak.

Zinema baino droga gogorragorik hartzen ez dugunok ederki asko dakigu legezko /ez legezko drogen arteko boteretsuenaren mendekoak  garela. Ezin ukatu. Ezin salbatu Ezin sendatu.  Gainera, nire irudiko, ez dugu  sendatu, salbatu, ihes egin nahi. Onartu dugu gure patua. Aitortu dugu gure leialtasuna parekorik ez duen diktadore/nagusi/errege baten aurrean. Aitortu besaulki-patio baten gainean belauniko.

Saiatu dira adituak gu konprenitzen, ahaleginak egin dituzte zientzialariek gure aldarte aldaketak aztertzeko asmotan. Terapeuta onbera batek baino gehiagok kantatu dizkigu Gora bihotzak, penak zokora antzeko melodia ziztrinak,  alegeratzeko intentziotan. Derrepentean biribilketa basa bati ekiten diogunean polizia etorri zaigu atzetik, baina esnetan gaudenean ez dago ez ertzainik, ez mossorik, ez mikeleterik geldituko gaituenik….

Horrelako zeru/infernuan bizi ohi garenok argi eta garbi aurreikusten dugu datozen bi hamabostaldietan zehar tenore onean edo tenore txarrean izango ote garen, duda izpirik gabe.  Eta sekula ez da kontrakoa pasatzen, inoiz ez gaude oker gure hautematean: bizpahiru pelikula hala moduzko ikusi izan baditugu azken boladan, bizitzak ez duela zentzurik pentsatzen dugu ezkor, eta zoko batean kikiltzen gara, Azken Judizioa noiz gertatuko zain.

Noizbehinka, alta, gaixotu gaituen berak salbatzen gaitu. Tristezia petralean ito hurren gaudela, zinemak botika libratzailea eskaintzen digu. Hartu bezain pronto, hor gaituzue errotak, erraldoiak, tsunamiak garaitzeko prest.

Hori gertatu zaigu gutako askori azken egunotan. Pelikula trakets, petral, mingarri, txepel, txotxolo bat baino gehiago irentsirik, azkenetan geundelako beldur ginela,  abisurik gabe, zalaparta egin barik, bi film apartek besarkatu gaituzte. Besarkatu eta segurean jarri. Aintza eta intza gure bi emakume salbatzaileri, atrebentzia osoz, izuaren klasikoetan klasikoenetarikoa den The Omen filmean kontatu ez zen hori bere The First Omen sekulakoan  kontatu digun Arkasha Stevensoni, hots, eta Sundance Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia  lortu ostean bere Animalia erregalatu digun Sofia Alouiri, alegia.

Izan dadila gure enkontrua urte eta pelikula askotarako, Arkasha, Sofia. Aise, eroso, animos, airos  ibiltzen zarete biak fantasiak trazaturiko muga definiezinetan. Eta haratago ere. Zuk, Arkashak, men  egiten diezu generoaren ezaugarriei. Men errebelde eta matxinoa da zurea, ordea. Ezarritako baldintzak zure egiten dituzu, eta Polanski zein Zulawski harriturik utziko zituen diskurtso eder, ilun, beldurgarri, oso fisikoa eta oso infernuzkoa burutzen duzu.

Zu, Sofia, zure jatorrizko Maroko hartzen duzu esparru, eta zientzia fikziozko film kosmiko bat eratzen duzu bertan; kosmikoa, bai, baina lurrean, lur berdaderoan oinutsik dabilena. Zure horretan, eztabaida filosofiazkoak, erlijiozkoak, politikazkoak suertatzen dira, tentsioa inoiz baretu barik. Blade Runnerreko erreplikante eder hura, Orioneko gerrikoan espazio- ontziak sutan ikusi zituen hura, harro litzateke zurekin.

Esker mila aunitz, Arkasha, Sofia. Aldi baterako bada ere, sendatu gaituzue. Sendotu. Alegeratu. Bizi gaituzue.