Europako hauteskundeak
Europako eskuin muturra zatituta aurkeztuko da datozen hauteskundeetan
FELIPE ETXEBARRIA
Eskuin muturreko talde ezberdinen artean dauden tirabirek eragina izan dezakete Europako Parlamenturako hauteskundeetan.
Duela gutxi AfD Alemaniako eskuin muturreko alderdiko buruzagiak egindako adierazpenek zatiketa eragin dute Europako eskuin muturreko indarren artean. Maximilian Krah alderdi horretako buruzagiak Italiako La Repubblica egunkariari adierazi zionez, "Nazien SS talde paramilitarretan ez ziren denak kriminalak izan". Adierazpen horiek izan dituzten ondorioak ikusita, alderdiko buruzagitzatik dimititu egin zuen, baina alderdiko hautagaien zerrenda buru izaten jarraitzen du.
Frantzian eskuin muturreko Rassemblement National alderdiak berehala erantzun dio. Bere buruzagiek adierazi dutenez, ekaineko hauteskundeen ondoren ez dira Alemaniako eskuin muturrarekin batera Europako Parlamentuan eseriko. Azken urteetan alderdiaren irudia hobetu nahian, Marine Le Pen buruzagia mezu moderatuagoak bidaltzen saiatu da. Orain, Alemaniako eskuin muturreko buruzagiaren adierazpenen ondoren, AfD alderdiarekin "haustura argia" beharrezkotzat jo du, alderdi hori alor erradikalenen menpe dagoela iritzita.
Europako parlamentuan bi alderdi horiek Nortasuna eta Demokrazia (ID) eskuin muturreko talde euroeszeptikoan indar nagusienak izan dira. Talde horretan daude baita ere Matteo Salviniren Italiako Liga, Austriako Askatasuna Alderdia (FPÖ) eta Belgikako Vlaams Belang. Inkesten arabera, orain dituzten 59 eserlekuetatik 85 izatera igaroko lirateke. Ikusteko dago eztabaidaren ondoren talde horretatik nor irtengo den.
Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak, Parlamentuan dagoen eskuin muturreko bigarren taldea da. Kritikoak izan arren, ID baino Europaren batasunaren aldekoagoak dira. Bertan Giorgia Meloniren Fratelli d'Italia, Poloniako Legea eta Justizia, Espaniako Vox, eta Suedia eta Finlandiako Demócratak daude. Inkestek diotenez, hauteskunde hauetan 75 eserleku lortuko lituzkete.
Eskuin muturreko talde ezberdinen artean eta talde barruan ere indar ezberdinen arteko talka segurutzat ematen da. Horrek talde berriak sortzera eraman dezake.
Alemaniako eskuin muturraren kasuan inkestek bigarren indarra izango zela iragartzen zuten. Baina bere jarraitzaile kopurua murriztu egin da bilera batean ondorengoa planteatu zutela jakin denean: Atzerriko jatorria zuten alemaniarrak masiboki deportatzea. Esan da baita ere, alderdi barruan Errusiako eta Txinako agenteak daudela. Krah zerrendaburua ere ikertzen ari dira Errusia eta Txinarekin loturak omen dituelako.
Frantzian, ostera, inkestek aurreikusten dutenez, Le Pen-en alderdiak hauteskunde hauek irabaziko ditu botoen % 31 lortuta, Macronen zentroko koalizioak baino bi bider gehiago.