Itxi

Iruzkina

AEBk eta Alemaniak baimena eman diote Ukrainari beren armak Errusiako lurretan eraso egiteko

Felipe Etxebarria

Alemaniako armekin Errusiako jomugak kolpatzea tabu izan da orain arte Olaf Scholz kantzilerrarentzat. Orain Berlingo Gobernuak jarrera aldatuta, Ameriketako Estatu Batuek hartutako bideari jarraituko diote, eta Ukrainari baimena eman dio bere armak Errusiako lurretan ere erabiltzeko.

Alemaniako armekin Errusiako jomugak kolpatzea tabu izan da orain arte Olaf Scholz kantzilerrarentzat. Orain Berlingo Gobernuak jarrera aldatuta, Ameriketako Estatu Batuek hartutako bideari jarraituko diote, eta Ukrainari baimena eman dio bere armak Errusiako lurretan ere erabiltzeko. Horrela iragarri du gaur Steffen Hebestreit Alemaniako Gobernuko bozeramaileak.

"Azken asteetan Errusiak Kharkiven aurka erasoak mugatik hurbil prestatu eta aurrera eraman ditu. Ukrainak eraso horien aurrean defendatzeko eskubidea dauka", esan du Hebestreitek. Scholzek zuhurtasuna erabiliz esan du: "NATO eta Errusiaren arteko talka saihestu behar da", baina gero adierazi du: "Ziurtatu behar dugu, aldi berean, Ukrainak bere independentzia eta subiranotasuna defendatu al izatea".

Alemaniaren jarrera aldaketa, Ameriketako Estatu Batuena aldatu eta ordu gutxira gertatu da. AEBk ere baimena eman baitio Ukrainari bere armekin Errusian helburuei eraso egiteko. Biden presidenteak baimen hori eman du Kharkiv hiriaren inguruan Ukrainak kontraerasoak egin ditzan, eta beraz erantzun ahal izan dezaten Errusiak eraso egiten dionean. Baina Washingtonek muga berri bat ezarri dio Ukrainari, Kharkiv inguruan soilik erabili ditzake bere armak. Beraz hedapen luzeko misilak ezin izango ditu erabili Errusia sakonean eraso egiteko.

Kharkiv hiria ekialdean dago, Errusiako mugatik hurbil: Maiatzaren hasieratik Errusiaren erasoak jasaten ditu. AEBren laguntza hilabete luzeetan Kongresuan errepublikanoek blokeatuta izan dutenez, Errusiak aurrera egin hala izan du. Orain 61.000 miloi dolarreko laguntzarekin galdutako lurra berreskuratu dezala nahi du Washingtonek.

Pragan, bien bitartean, NATOko kideak eztabaidatzen ari dira Ukrainako gerrak bizi duen garai berriari buruz. Jens Stoltenberg idazkari nagusia ere Ukrainari Errusiako lurretan erasoak egiteko baimena ematearen alde dago. Macron presidentea ere horren alde azaldu da, misilak jaurtitzeko Errusiak erabiltzen dituen baseak "neutralizatu" ditzan Ukrainak.