Itxi

Analisia

Europan zentroko koalizioa mantentzen da, nahiz eta eskuin muturra asko igo

Felipe Etxebarria

Ultraeskuina lehen indarra izan da Frantzian, Austrian eta Italian, non Georgia Meloniren Fratelli d'Italia alderdia lehen indarra izan den.

Europako popularrek, sozialistek eta liberalek osotutako koalizioak gehiengoa mantentzen du Europako Parlamentuan, eta Berdeak ere gehitzen bazaizki, 720 eserlekutik 462 ditu, nahiz eta eskuin muturrak aurrerapen nabarmenak egin. Hori dela eta, Ursula von der Leyenek ez ditu beharko eskuin muturreko Georgia Meloniren alderdiko botoak berriz Europako Batzordeko presidente hautatua izateko. Orain dei egin die zentroko talde politikoei beren babesa eskatuz.  

Gainera, beste elementu bat ere badago Von der Leyenen alde jokatzen duena. Alegia, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdia oso ahulduta irten da hauteskunde hauetatik, eta hauteskundeak deitu ditu, parlamentua desegin ondoren. Beraz, ez dirudi Paris prest dagoenik orain Europako Batzorderako presidente berri  baten izena bultzatzeko, nahiz eta orain arte Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente ohiaren izena entzun den postu hori betetzeko. 

Gogoratu behar da 2019ko Kontseilu Europarrean Frantziak bultzatuta Ursula Von der Leyen aukeratu zutela Europako Batzordeko presidente izendatzeko, nahiz eta orduan Manfred Weber izan Alemanian Europako Alderdi Popularreko zerrenda burua Europako Batzordeko presidente kargurako hautagaia.

Eskuin muturrak aurrerapen nabariak egin ditu herrialde batzuetan. Lehen indarra izan da Frantzian, Austrian eta Italian, non Georgia Meloniren Fratelli d'Italia alderdia lehen indarra izan den.

Alemanian, CDUko  kristau-demokraten ondoren, AfD Alemaniarako Alternatiba bigarrena indarra izan da, 2019ko % 11tik orain % 14,2 lortuz, nahiz eta bere lehenengoko hautagaiak eskandalua sortu zuen "SSko paramilitar nazi guztiak kriminalak ez zirela" esan zuenean. 

Espainian Vox hirugarren indarra izan da. Herbehereetan ere Geert Wilders buruzagiaren eskuin muturra bigarren indarra izan da, Ezkerra eta Berdeen Aliantzaren ondoren, hauek irabazi baitituzte hauteskunde hauek. Beste herrialde batzuetan, Polonian, Suedian eta Finlandian kasu, eskuin muturra jaitsi egin da. Beraz, batez beste eskuin muturra Europan zehar igo den arren, orain hasi den legealdiko bost urte hauetan ez du pisu erabakigarria izango.

Albisteak (1)