Sinadura
Art, triskantzaren artista
Begoña del Teso
Karteldegiari ginen so, eta benetan merezi zuen munstrorik aurkitu ez. Pixkanaka-pixkanaka, baina, "notiziyak" hasi zitzaizkigun iristen: Art pailazoa bide zen bere etorrera prestatzen.
Umezurtz sentitzen ginen hilabete guztien artean azaroa gustukoena dugun izaki txit sailkaezinak, inork salbatuko ez lukeen jendaila-mordoa, zinemaz aritzeko mintzo mordoilo adigaitza erabiltzen iaioak garen jende-modua.
Gau Beltza hurbil zen eta ez genuen infernu beltzena utzirik, konpainia egiteko nor etorriko zen berririk. Iaz agur egin genien, betiko egin ere, Halloween 13 guztietan agertzen ziren hilobiaz haraindiko Michael Myers hiltzaile mitikoari (zeinen egoki erabiltzen zituen maskara eta aizkora!) eta haren aurka pelikulaz pelikula aritzen zen Jamie Lee Curtisek antzezturiko Laurie Stroderi (urteak eman ditu mundua maldiziotik ateratzeko ahalegin ederretan)
Ez omen genuen aurten zeluloidezko odolez zipriztinduriko gaztaina erreak norekin partekatu. Karteldegiari ginen so, eta benetan merezi zuen munstrorik aurkitu ez. Pixkanaka-pixkanaka, baina, notiziyak hasi zitzaizkigun iristen: Art pailazoa bide zen bere etorrera prestatzen (aizkora zorrotzen, alegia, zerrari bateria berria jartzen, hots, bere mimo jantzia txukuntzen….).
Alaitu ginen oso; garaiz helduz gero, Artek salbatuko zigun Gau Beltza. Baita Halloweeneko ordu txikiak ere. Ezaguna genuen ez baitzen 2024ko hori maite dugun hilabetearen atarian berarekin elkartuko ginen estreinako aldia, aurten gurera ekarri duten Terrifier bere balentrien hirugarren atala baita.
Kontent asko, egundoko harrera egin genion aretoetan. Gainezka, mukuru, jendaiaz beterik ziren saloi zinematografikoak. Bai luxuzkoak bai gure etxe (edo hilobi) ondoko korrienteak ere. Pankartak eskuan eta maskara aurpegian, joan ginen ehunka diosala egitera. Kontent asko joan ere.
Izan dira, badira eta izango dira beldurrezko film gore mila, baina batek ere ez du Terrifier-ek aurkezten duen triskantza, masakrea, txikizioa gainditzen. Normalean, oro har, orain arte, izuzko pelikuletako eraileek hil egiten zintuzten, eta kito. Mailuz, tiroz, matxetez, elektrokuzioz, haginkadaz, zure odola zurrupatuz edo bihurkin elektriko batez. Seko hil, eta kito. Artek ez. Artek bere denbora hartzen du zu hiltzeko modua irudikatzeko. Minutuak pasatzen ditu prestaketetan. Eskura dituen tresnak ederki daki erabiltzen (baita bizirik izoztuko zaituzten su-itzalgailuak ere). Zirujauen jakinduria eta eskarmentua bere egin zituen aspaldi zaharrean. Gure gorputzak zenbat hezur, tendoi, artikulazio, hortz, litro odol, metro azal dituen badaki.
Ez izan dudarik, gu istant batez, azkar demonio akabatzeko erak kontrolatzen ditu. Baina horrela eginez gero, nola arraio gozatuko luke, nola demontre disfrutatu? Hitz bat ere egiten ez duen pailazo-mimo ikaragarriak bitan moztuko zaitu parekorik ez duen harakin bikain baten dotoreziaz, aurpegia erauziko dizu, mantso-mantso larrutu, azidoan hezurgabetu…
Artista hutsa izanik, zu, gu, hiltzea ez du nahikorik. Nahitaezko du estiloa. Ikusleok (pantailaren bestaldean babesturik) ezin sinetsi Artek darabilen… artea. Bere film hirugarrena bada anatomia ikasgai magistrala ere, cum laude batez biribilduko genukeen masterra.
Zin degizuet serio ari naizela. Art da datozen Gau Beltz askotako zirujau nagusia. Eta gu, umezurtz sentitzen zen populu basa zorioneko tribua bilakatu gara.
Harago ere joan gaitezke Arten gure defentsan. Zinematografikoki lan bikaina da filma, tentsioa eta akzioa ondo neurtzen dituena. Bai, onartzen dut kexa: aurreko bi Terrifier ikusita ez baduzu, hirugarrenaren sekretu batzuk ez dituzu boteprontoan menderatuko, baina zinez diotsut: hil baino askoz lehenago ohartuko zara ezkutuko kontu hamaikaz. Bai, egia da, agian beranduegi suertatuko zaigu , ordurako haragi puskak eta hezur apurrak baino ez baitzara izango. Sentitzen dut, lagun, horrelakoxea da… herioa.
Aktoreek badakite zertan dabiltzan. Artena egiten duenak sekulako mimoa da, Jokerrekin edo Buster Keatonekin pareka dezakezu lotsarik pe. Biziki bere kontra egiten duen neska aktoreak arte martzial hainbat kontrolatzen ditu. Beraz, haien arteko borroka nahiko parekatua sumatzen duzu beti…
Umezurtz ginen, bai, baina orain komunitate berria sortu dugu. Errukirik ez duen pailazo-harakin infernukoak adoptatu gaitu. Gurekin geratzeko prest da. Zergatik? Gabonetan ba omen duelako egiteko franko…