Itxi

Iruzkina

Begi bat Gazan; bestea Jordanian

Jesus Torquemada

Azken astean manifestazio ugari egin dira prezioen igoera salatzeko. Nobedadea da lehendabiziko aldiz Abdala erregearen kontra eta errepublika aldarrikatzearen aldeko oihuak entzun direla bertan.

Mundu guztiak Gazatik iristen ez den su-eten horren zain segitzen duen bitartean, handik iristen diren irudia lazgarriak dira. Israeldarrek egindako bonbardaketetan hildako haurren irudiak esaterako. Izan ere, Israelek jendez beteta dagoen hiriaren kontra etengabe bonbak jaurtitzen segitzen du, zibil asko hilko dituela jakin badaki ere.

Hamasek kale erdian hil eta ondoren motoan arrastaka eraman dituen 6 palestinarren irudiak ere ikusi ditugu azken orduetan. Israelen espioiak izatearen akusaziopean hil dituzte, Far Westeko pelikuletan ikusi izan ditugun lintxamentuen pare, baina Gazara begiratzen duun bitartean, Jordaniara ere begiratu behar dugu, bertan ere istiluak hasi berri baitira.

Azken astean manifestazio ugari egin dira prezioen igoera salatzeko. Nobedadea da lehendabiziko aldiz Abdala erregearen kontra eta errepublika aldarrikatzearen aldeko oihuak entzun direla bertan.

Duela ia bi urte “Udaberri arabiarra” hasi zenean Jordanian ere eragina izango zuela zirudien, baina Abdala erregeak egoera kontrolatzea lortu zuen erreforma txiki batzuk aginduz eta arazoen errua bere lehen ministroari botaz.

Parlamentua desegin zuen, Gobernuko ministroak aldatu eta modu horretan beste urtebetez aurrera egitea lortu du, baina badirudi truko hori ere ez dela nahikoa izan. Duela astebete Gobernuak erregaien gaineko diru-laguntzak erretiratu zituen, horrek prezioen garestitzea ekarri du eta ondorioz berriro hasi dira protestak.