Itxi

Gasteizko Udalak

Martxoaren 3ko hilketengatik jarritako kereila artxibatuta

2017/03/07

Epaileak, Diputazioaren eta Batzar Nagusien kasuan bezala, delituak preskribatu egin direla ebatzi du.

Biktimentzat justizia eskatu zuten milaka lagunek, martxoaren 3an. Argazkia: EFE

Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak artxibatu egin du 1976eko martxoaren 3ko hilketengatik hiriko Udalak jarritako kereila, eta helegitea aurkeztuko duela esan du. Epaileak, Diputazioaren eta Batzar Nagusien kasuan bezala, delituak preskribatu egin direla ebatzi du.

Aurreko urteko urrian, Arabako Batzar Nagusiak eta Diputazioak alde batetik eta Gasteizko Udalak bestetik, kereila bana aurkeztu zuten gizarteriaren kontrako delituak salatzeko. 1976eko martxoaren 3an egiten ari ziren langile-asanblada baten kontra egin zuen Poliziak eta bost behargin hil zituzten eta ehun pertsona baino gehiago zauritu.

Instrukzio Epaitegi berdinean aurkeztuko du Udalak helegitea, eta berriro artxibatzen badute, apelazio helegitea aurkeztuko du Audientzia Probintzialean.

Gorka Urtaran alkateak esan duenez, martxoaren 3ko gertakinen 41 urte geroago "ardura norena den eta hilketa horien errudunak nortzuk diren argitzeko judizialki eboluzio bat ez egotea" tristea da.

"Saiatzen jarraituko dugu. Bide judiziala oinarrizkoa da gertakariak argitzeko", azpimarratu du alkateak.