Donostia
PSEk bat egin du 'Parot doktrina' bertan behera uzteko eskariarekin
Erredakzioa
2022/03/10
Sozialistek, EAJrekin batera, Donostiak Udalak aurkeztutako adierazpen instituzionala babestu dute. Aipatu doktrinak eragiten dien presoak "berehala libre uztea" aldarrikatzen du testuak.
Donostiako PSE-EEk 'Parot doktrina' bertan behera uzteko Udalak aurkeztu duen adierazpenarekin bat egin du. Bilduren udal-gobernuak aurkeztutako testuak, EAJren babesa ere izan duenak, 197/2006 doktrinak kaltetutako presoak "berehala libre uztea" aldarrikatzen du.
Udalak aurkeztutako adierazpenean Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena agertzen da doktrinaren kontrako argudio bezala, izan ere, Ines del Rio euskal presoaren alde agertu zen auzitegi hori, 'Parot doktrina' injustua zela iritzita.
Adierazpen horretako bigarren puntuan, "euskal presoen kontrako salbuespeneko legeak bertan behera uztea" eskatzen da.
Ebazpena aurrera atera da Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, eta lehenengo puntuak, 'Parot doktrina'ri dagokionak, PSE-EEren babesa ere izan du.
Udal-gobernuak azpimarratu duenez, dagoeneko 83 presori ezarri diete aipatu doktrina 2006tik, eta 67k oraindik preso jarraitzen dute.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (2)