Erantzunak azken agiriari
'Indarkeriara itzultzeko mehatxu estalia' salatu du Lokarrik
Erredakzioa
2013/03/27
ETAren urteko aurreneko agiriari berehala erantzun diote alderdi eta agente politikoek. 2011ko urrian indarkeria utzi behar zuela iragarri zuenetik zazpigarren jakinarazpena da.
ETAren azken agiriak "indarkeriara itzultzeko mehatxu estalia" du, Lokarri taldeak salatu duenez. Horregatik, "desarmean aurrerapausoak emateko" eskatu dio ETAri, "mehatxu ezkutuaren sentsazioarekin bukatzeko".
EAJ
"Atzerapenik gabe" desarmeari ekiteko eta "erakunde gisa" desagertzeko eskatu dio EAJk ETAri, "indarkeria behin betiko uzteko hartu zuen aldebakarreko konpromisoa" betetzeko. Gainera, "Euskadin bakea ezartzeko atzerapenaren erantzule bakarra" ETA dela ziurtatu dute jeltzaleek.
PP
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak Gobernuaren "zuzentasuna" goraipatu du, "terroristekin negoziatuko ez duelako, nahiz eta ETAk nabarmentzeko mehatxua erabili ".
PSE
ETAren azken agiria "etsigarria" dela adierazi du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak. "Inori ezer eskatu gabe" ETA desegin behar dela errepikatu du Pastorrek. "Beraiengandik espero dugun gauza bakarra da", azpimarratu du.
UPyD
Gorka Maneiro UPyDko bozeramailearen ahotan, ETAk "euskal gizartea mehatxatzen jarraitzen duen bitartean, haren ordezkari politikoek gauza bera egiten dute erakundeetan".
EA
ETA "euskal gizartearen ordezkaria ez denez" bere alderdiak agiriak publikoki baloratzeko "ohiturarik ez" duela azaldu du Peio Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak. Baina Mariano Rajoyren Gobernuak 2012an egindako "blokeoa salatu" behar dela erantsi du, "bake prozesua amaitzea eragotzi nahi duelako".
Aralar
ETAk "indarkeria ez erabiltzeko" konpromisoa mantentzen du, hori da garrantzitsuena, Aralarren hitzetan. "Ausart jokatu eta aurrerapausoak emateko" unea dela erantsi du. "Gobernuaren jarrera aldaketa itxarotea alferrikakoa" dela adierazi du Aralarrek.
Alternatiba
ETAk "indarkeria behin betiko uzteko konpromisoa mantentzea" aintzat hartu du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Bestalde, Espainiako gobernu desberdinen jarrera kritikatu du.
Sortu
ETAk "gatazkari" konponbidea emateko aurrerapausoak emateko "borondatea azaldu" duela azpimarratu du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. PPk "bakea lortzeko eta gatazka konpontzeko saiakera suntsitu" nahi duela salatu du Barrenak.
UPN
UPNren hitzetan, ETAk "ez du ezer eskatzeko legitimotasunik". "Gizarteak, demokratek, ez dugu ETAren baldintzarik onartuko, ezta ohartarazpenik ere", azpimarratu du alderdiak agiri batean.
PSN
Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramailearen ahotan, agiria "ETAren atzerapasuoa da" eta "nafarrek bakean eta askatasunean bizi nahi dugu, ideiak demokratikoki alderatzeko".