Gobernu zentralak
Thierryri buruz Barrenak eta Zabaletak esandakoa aztertuko du fiskalak
Erredakzioa
2013/04/01
Xabier Lopez Peñaren heriotzaren gainean Sortuko bozeramaileak eta Aralarreko koordinatzaileak egindako adierazpenak Fiskaltzara bidali ditu Barne Ministerioak delitua ote den ebazteko.
Xabier Lopez Peña 'Thierry'ren heriotzaren gainean asteburu honetan Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak egindako adierazpenak Fiskaltzara bidali ditu Barne Ministerioak delitua ote den ebazteko, Gobernuko hainbat iturrik jakinarazi duenez.
Igande honetan Iruñean izandako Aberri Egunaren ospakizunetan Barrenak esan zuenez, Lopez Peñaren heriotza "Espainiako eta Frantziako Estatuen jarreraren ondorioa da, euskal gatazka politikorako irtenbideak bilatzea oztopatzen dutelako".
Norvegian ETArekin negoziatzeari Espainiako Gobernuak uko egin ostean, ETAk "ondorio negatiboak" izango zirela iragarri zuen asteartean zabaldutako agiri baten bitartez. Horri buruz galdetu zioten Barrenari, eta horren esanetan, ETAk aipatutako "ondorio negatibo horiek ari gara dagoeneko ikusten, eta horren adibide da 'Thierry'ren heriotza".
'Salbuespenezko jurisdikzioa'
Fiskaltzak Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen hitzak ere bidali ditu Fiskaltzara. Zabaletak esan zuenez, ETAko presoak "ezin ditugu GALeko mertzenarioekin alderatu". Halaber, "kontzientzia preso guztien askapena" eskatu zuen, "salbuespenezko jurisdikzioa batek epaitu dituelako".
Gainera, iturri berdinek azaldu dutenez, Aberri Egunean Sortuk Iruñean izandako jarreraren inguruan beharrezkoa den dokumentazioa ari da biltzen Fiskaltzara ere bidaltzeko asmoz, 'Thierry'ren argazkia zeramatzaten kartelak izan zirelako ikusgai.