Herrirak deituta
'Salbuespen neurri eta politikekin' amaitzeko eskatu dute Bilbon
Erredakzioa
2013/04/06
'Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea' lelopean milaka lagun bildu dira Bilboko manifestazioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagun kalera atera dira Bilbon, espetxe politika aldatzeko eskatzeko eta Xabier Lopez Peñaren senitartekoei elkartasuna adierazteko, lehengo larunbatean hil baitzen bihotzeko arazoengatik.
"Thierry" Barajaseko T-4aren aurkako atentatuaren bultzatzailetzat hartu izan du poliziak. Bihotzeko arazoengatik, martxoaren 11n ospitaleratu egin zuten eta ebakuntza egin zioten, nahiz eta azkenean ospitalean hil zen, Parisen.
Manifestazioan, besteak beste, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Hasier Arraiz, Joseba Permach eta Unai Ziarreta egon dira.
Herrira presoen aldeko mugimenduak deitu du manifestazioa. "Salbuespen neurriak eten" lelopean, Parot doktrinarekin amaitzea, gaixo dauden presoak aske uztea eta presoak etxera bueltatzea eskatzen zuten hiru pankarta handiren atzean bildu dira milaka eta milaka lagun.
Maribi Ugarteburuk dei egin die Frantziako eta Espainiako Gobernuei "presoak eta horien senitartekoak Euskal Herriko bake prozesua blokeatzeko jaurtitzeko arma gisa" ez erabiltzeko.
"Irtenbide garaia da", esan du eta Lopez Peña, "espetxe politika honen azken biktima" izan dadila eskatu du. "Giza eskubideen nazioarteko araudi guztiak urratzen ditu espetxe politikak; salbuespen eta gerra garaiko neurria da", gaineratu du eta azken egunetan, gaixo zeuden bi preso hil direla ekarri du gogora, "Thierry" eta Angel Figeroa.
Ildo berean hitz egin dute martxan parte hartu duten alderdietako bozeramaileek, Unai Ziarretak (EA), Oskar Matutek (Alternatiba) eta Rebeka Uberak (Aralar).
Bilboko Udaletxera iritsitakoan, Herrirako bozeramaileek adierazpen bat irakurri dute. Mobilizazioarekin "inoiz gehiago" mezua bidali nahi izan dutela esan dute, "salbuespen neurri horiek lehenbailehen amaitu behar direlako, sufrimendurako bermea direlako".
Espainiako eta Frantziako Gobernuei, "giza eskubideak errespetatzeko eta espetxe politika aldatzeko" deia egin diete "bakearen eta irtenbidearen aldeko apustua egiteko".