Itxi

Erreakzioak

ELAk eta LABek prozesua desblokeatzeko eskatu diete estatuei

Erredakzioa

2014/02/21

Muñozen arabera, desarme prozesua ezingo da burutu Frantziako eta Espainiako kolaborazioarik gabe. Etxaiderentzat, "urrats garrantzitsua" izan da. UGTk esan du "esperotakoa" ez dela bete.

Bestalde, presoen afera konpontzeke dagoela esan du LABeko idazkari nagusiak. Irudia: EFE

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, desarmearen egiaztatze prozesua ezin liteke burutu "estatu espainiarrak eta frantziarrak ekarpenik egiten ez badute".

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearekin bilera izan ostean hedabideen aurrean esan duenaren arabera, ETAk "horren moduko pauso bat ematea" urrats garrantzitsua" izan dela adierazi dute egiaztatzaileek.

"Euskal gizarteak prozesu hau atzeraezin izatea nahi du eta guk bat egiten dugu. Urratsak atzerabueltarik ez duela egiaztatu du", esan du Muñozek.

LAB

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, ETAk prozesua egiaztatzea onartzea "urrats garrantzitsua" da, eta "Estatuari prozesua desblokeatzeko giltza kendu dio".

Gainera, gogorarazi duenez, "presoen afera konpontzeke dago" eta "militante politikoak auzipetzeari eta zigortzeari utzi behar diote".

Sindikatu, patronal eta beste alderdi batzuekin egindako bileraren ostean, Etxaidek esan du "ekimen sakona" dela eta "Estatuari eta Gobernu espainiarrari etorkizuna eta prozesua nolakoa izango den erabakitzeko giltza kendu dio", esan du.

UGT

Raul Arza Euskadiko UGT sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, ETAk emandako urratsa behin betiko desarmerako "lehen urratsa" da, baina "esperotakoa" bete ez dela nabarmendu du.

Arzak zabaldu duenez, euskal gizarteak ETA behin betiko desagertzea eta desegitea "espero eta eskatu du".

Arzaren arabera, dagoeneko Euskadi "berria" eraikitzeko unea da, "azken 50 urteetan izandako izua eta beldurraren ostean".

CCOO

Euskadiko CCOOren arabera, iragarpena "albiste ona da" eta "ETAren aldebakarreko desagertzea eta desarmea" ekarriko duen prozesu baten parte.

Ohar baten bidez sindikatuak nabarmendu duenez, iragarpenak "herrialdearen normalizazio politikoa sendotu beharko luke".