Espetxe-politika
Frantziak ETAko bi preso hurbildu ditu Euskal Herrira, lehen aldiz
Erredakzioa
2020/11/13
Presoen abokatuek uste dute goizegi dela Frantziaren espetxe politikan aldaketak izan direla esateko.
Frantziako Gobernuak ETAko bi preso Euskal Herrira hurbildu ditu, historian lehen aldiz. Mont Marsaneko espetxera eraman ditu, Landetara, Biriatuko mugatik 136 kilometrora.
Vocentoren informazioak dioenez, hurbildutako bi presoak Oier Ardanaz Armendariz eta Alexander Akarregi Casas dira. Maiatzean eta ekainean hurbildu zituzten, Brian Currin Hegoafrikako bitartekariaren Nazioarteko Harreman Taldeak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bi arduradunekin Pariseko espetxe batean izandako bileraren ostean.
Oier Ardanaz bost urteko kartzela-zigorra betetzen ari da. Dordoñan atxilotu zuten, Frantziako hegomendebaldean, 2011. urteko ekainean.
Alexander Akarregi, berriz, Aveyronen atzeman zuten, 2009ko otsailean, eta zortzi urteko kartzela-zigorra dauka.
Azken asteetan, gainera, beste hiru preso hurbiltzeko agindua eman du Frantziak: Josu Urbieta, Raul Aduna eta Montxo Arkaitz Varea, Paristik Poitiersera eraman dituzte.
Mont Marsanekoa kartzela berria da, 2008ko azaroan inauguratu zuten eta 690 presorentzako lekua du. Hasieratik, Mont Marsan ETAren inguruko kartzela-politika kudeatzeko zentrotzat izan du Frantziako Gobernuak.
Goizegi aldaketak daudela esateko
Egoera horren aurrean, presoen abokatuek baieztatu dute 99 presok Frantziako Gobernuari gerturatzea eskatu diotela .
Abokatuen arabera, Alexander Akarregiren eskaera da erantzuna jaso duen bakarra. Dena dela, Frantziaren espetxe politikan aldaketak izan direla esateko goizegi dela uste dute.
Oier Ardanazen eskaerari begira, haren gerturatzeak arrazoi administratiboak dituela adierazi dute.
Bien bitartean, beste preso batzuk Belgikako mugatik gertu dauden espetxeetara eraman dituztela zehaztu dute abokatuek.