Bake Prozesua
Urrats berriak eskatu dizkie alde guztiei Riosek
Erredakzioa
2014/08/30
Euskal alderdiei elkarrekin estrategia bateratu bat lantzeko eskatu die, eta ETAri armak entregatu ditzala. Espainiaren jarrera kritikatu du, 'urratsik emateko prest ez dagoelako'.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Paul Rios Lokarriko (Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea) koordinadoreak bake prozesuan aurrera egiteko beharra azpimarratu du eta urratsak eskatu ditu, EFE agentziari eskaini dion elkarrizketan. Riosen hitzetan, alde guztiek eman behar dituzte pausoak; armategia zigilatu ondoren, ETAk armak entregatu beharko lituzkeela nabarmendu du. Euskal alderdi politikoei, berriz, elkarrekin hitz egin dezatela eskatu die, estrategia bateratu bat lantzeko. Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du Lokarriko kideak, "bake prozesuan urratsik emateko prest ez dagoelako".
ETAk bere armategia zigilatzea giltzarria dela esan du, baina horren ondoren beste urrats bat beharrezkoa dela gaineratu du. "Armak guzti guztiak zigilatu behar dira, eta behin hori egindakoan, armak entregatu edota suntsitu behar dira", esan du.
Prozesuak aurrera egiteko dituen zailtasunak agerikoak direla adierazi du. Besteak beste, nazioarteko egiaztatzaileek duten "segurtasun arazo garrantzitsua" aipatu du. Otsailean, Euskal Herrian izan zirenean deklaratzera deitu zituen Auzitegi Nazionalak. "Egiaztatzaileek armagabetzearen inguruan , Frantzian edo Espainian, edozein keinu egingo balute, Auzitegi Nazionalaren beste zitazio bat jaso dezakete", esan du.
Bake prozesuaren geldialdiari buruz galdetuta, Riosek esan du bat baino gehiago egungo egoeran "eroso" dagoela, "urratsak emateko eta arriskuak beregain hartzeko beldurrez". "ETAren armagabetzea, kartzela politika aldatu beharra, eragindako minaren aitortza … arazo horiek kostu bat dute eta horri aurre egin behar zaio", gaineratu du. Premiazkotzat jo du alderdien arteko elkarlana, bake prozesuan aurrera egin ahal izateko.
Bestalde, ETAko kideen eta biktimen arteko topaketak positibotzat jo ditu, baita Sortuko ordezkariak biktimen omenaldietara joan izana ere.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)