Itxi

Barcenas auzia

PPren kontuen 'paperak' Barcenasek idatzi zituela ebatzi du Poliziak

2013/08/13

Alderdi Popularreko diruzain ohiak, behin eta berriz, ukatu egin du agiri sekretuen egilea izatea, baita Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren aurrean egindako deklarazioan ere.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia. Argazkia: EFE

El Pais egunkariak argitaratutako agiri sekretuen egilea Luis Barcenas PPko diruzain ohia izan zela egiaztatu du Poliziak. PPko Alderdi Popularreko buruzagi nagusiek pizgarriak diru beltzean jaso zituztela frogatzen ei dute "Barcenasen paperak" deituriko horiek, Pablo Ruz epailearen arabera.

Aipaturiko dokumentu horien fotokopiak erabili ditu Poliziak, kaligrafia aztertu ahal izateko, eta dagoeneko Pablo Ruz kasuko epailearen esku dago txostena.

Txostenean irakur daitekeenez, Luis Barcenas Gutierrez jaunak idatzi ditu aztertutako dokumentu horietan ageri diren letra eta zenbaki horiek. Hala ere, ikertzaileek ezin izan dute zenbait sinaduren egileak identifikatzerik izan, "ulergaitzak" direla argudiatuta.

Diruzain ohiak 2004 eta 2008 urte bitartean egindako ondare aitorpenarekin, Suizako erregu batzordeak egindako dokumentuekin, eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren aurrean Barcenasek egin zuen kaligrafia azterketarekin alderatu ditu Poliziak "Barcenasen paperak".

Alderdi Popularreko diruzain ohiak, behin eta berriz, ukatu egin du agiri sekretuen egilea izatea, baita Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzaren aurrean egindako deklarazioan ere. Barcenasek uko egin zion kaligrafia froga egiteari Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epailearen aurrean, eta ez zuen deklaratu nahi izan.

Saenz de Santamaria, isilik

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ez du Poliziaren txostenaren gaineko baloraziorik egin nahi izan. "Adituen txostenari buruzko balorazioa egitea, prozedura judizialaren arduradunari dagokio", adierazi du. Horren ustez, prozedura horretan dagoenak erabaki beharko du Poliziaren txostenak nolako ondorioak izango dituen.