Gürtel auzia
Barcenasek lehenengo gaua eman du espetxean
Erredakzioa
2013/08/13
Gürtel auziko epaileak kartzelan sartzeko agindu du, fidantzarik gabe, ihes egiteko arriskua areagotu dela iritzita.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiak lehenengo gaua eman du Madrilgo Soto del Real espetxean, Pablo Ruz Gürtel auziko epailearen aginduz.
Ruzek atzo agindu zuen Barcenas kartzelan sartzeko, fidantzarik eta baldintzarik gabe, ihes egiteko arriskua areagotu dela iritzita, iturri juridikoen arabera.
Suitzak ohartarazi duenez, PPko diruzain ohiak fondoak AEBetara eta Uruguaira eraman ditu, blokeatuta ez dituen kontuetatik. Hala, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eta herri-akusazioak (Europako Abokatu Demokraten Elkartea, ADADE) Barcenas baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuten atzo.
Epaileak uste du neurri hori beharrezkoa dela pertsona horrek prozesuan parte hartzeko, ihes egitea galarazteko eta, aldi berean, frogak babesteko. Hala, Ruzen arabera, Barcenas espetxean egonda, frogak aldatzea eta ezabatzea eragozten da.
Orain arte, diruzain ohiak hamabost egunean behin joan behar zuen epaitegira, pasaportea kenduta zuen, eta ezin zen Espainiatik irten.
Epaileak Barcenas espetxean sartzeko agindu zuen horrek Suitzan duen 48,2 milioi euroko dirutzaren jatorria zein den argitzeko deklarazioa hartu ostean. Izan ere, dirutza horren parte bat koadroak salerosita lortu zuela adierazi bazuen ere, frogatutzat eman dute hori esan zuenean gezurretan aritu zela.