Itxi

Barcenas auzia

Agendak bota egin zituela esan dio epaileari Barcenasen idazkariak

Erredakzioa

2013/09/10

Estrella Dominguezek zakarrontzira bota zituen agendak 2012an, garrantziarik ez zutelakoan.

Luis Barcenas

Luis Barcenas PPko diruzaina zen bitartean idazkari lanetan aritu zen Estrella Dominguezek epailearen aurrean deklaratu du gaur. Idazkariak epaileari azaldu dionez, iaz diruzain ohiaren agendak zakarrontzira bota zituen. Gaineratu du joan den uztailaren 14an Barcenasen emazteak agendak itzultzeko eskatu ziola.

Estrella Dominguezek ia bi hamarkada egin zituen Barcenasekin lanean. Pablo Ruz epaileari azaldu dionez, 2009 urtean Barcenas Gürtel kasuan inputatu zutenean, diruzain ohiak agendak gordetzeko eskatu zion. 2011 urtean itzuli zizkion idazkariak Barcenasi agendak, hark eskatuta. Beranduago, berriz ere Dominguezen esku utzi zituen Barcenasek agendak. Javier Gomez de Liaño diruzain ohiaren abokatuak agenda horien hainbat fotokopia erakutsi dizkio epaileari.

Gaur egun PPn lanean jarraitzen duen idazkariak jakitera eman duenez, 2012an zakarrontzira bota zituen agendak, jada Barcenasekin lanik egiten ez zuenez garrantziarik izango ez zuelakoan. Lekukoak azaldu du uztailaren 14an Rosalia Iglesias Barcenasen emazteak sakelako mezu baten bidez agendak itzultzeko eskatu ziola. Gezurra esan eta agendak alderdiaren esku zeudela erantzun zion Dominguezek. Iglesias atsekabetuta agertu omen zen.

Idazkariak zehaztu du ez dituela gogoratzen alderdiari ustez dirua eman zieten enpresarien bisitak. Gaineratu du, ordea, Francisco Correa askotan joaten zela Barcenasek PPko Madrileko egoitzan zuen bulegora.

Ildo berean deklaratu du Rosa Maria Lopezek, hamabost urtez diruzain lanetan aritu zen Alvaro Lapuertaren idazkariak. Lopezek ere agendak deuseztu zituela adierazi du, nahiz eta ez duen datarik zehaztu.

Alderdiko hiru auditoreek ere deklaratu dute gaur. 2007 bitartean alderdiari ematen zitzaion diruaren inguruko kontrolik ez zela egon adierazi dute.