PPri demanda
Barcenasek PPri kaleratzeagatik jarritako salaketa ez dute onartu
Erredakzioa
2014/07/18
Diruzain ohiak ezin izan du frogatu Alderdi Popularrarentzat lanean jarraitzen zuela. PPk epaiketan esan zuen 719.000 euroko kalte-ordaina eman ziola Barcenasi.
Madrilgo Epaitegi Sozialeko 16 zenbakiko auzitegiak Luis Barcenas PPko diruzain ohiak bidegabe kaleratzeagatik alderdiaren aurka aurkeztutako salaketa baztertu du. Kalte-ordain gisa 900.000 euro eskatu zituen Barcenasek.
Epaiaren arabera, diruzain ohiak ezin izan du frogatu Alderdi Popularrarentzat lanean jarraitzen zuela, eta bi aldeetatik jakin izan da ez zegoela "lan zerbitzuen prestaziorik".
Barcenasek 2013ko otsailean demandatu zuen PP, 2010eko apirilaren 16tik –PPk kaleratu zuela esan zuen data-2013ko urtarrilaren 31ra alderdian kontseilari lanetan aritu zela esanez. Denbora tarte horretan, Genova kaleko egoitzako bulego bat, alderdiko ibilgailu bat eta alderdiaren beste baliabide material batzuk erabiltzen jarraitu zuela esan zuen diruzain ohiak; epaiaren arabera, ordea, "partikular gisa eta bere onurarako" baino ez zen izan.
Epailearen erabakiak azpimarratzen du ez dagoela "txostenik, bileren laburpenik edo edozein motatako kudeaketarik" Barcenasen kontseilari lanak frogatzen dituenik.
Epaileak ondorioztatu du, beraz, Barcenasek ez ziola zerbitzurik eskaini PPri, eta ez duela epaituko bi aktoreen artean egondako "kontratu simulaziorik"; hori ikertu nahi izanez gero, beste prozesu bat jarri beharko litzateke martxan.
Magistratuak azpimarratu du ez zegoela zerbitzuen prestaziorik; beraz, ezin dela bidegabeko kaleratzeaz hitz egin. Gainera, Barcenasek erakutsitako "datu bakarra", 2013ko urtarrilaren 31n Gizarte Segurantzan baja eman zuen data, baztertu egin du epaileak. Izan ere, haren ustez, ez badago zerbitzuen prestaziorik, Gizarte Segurantzako alta "bidegabea" izango litzateke, eta "zigortzeko modukoa", Ordena Sozialeko Urraketen eta Zigorren Legearen arabera.
Diruzain ohiak demandan adierazi zuen 2013ko urtarrilera arte kontseilari lanak egin zituela PPn, eta orduan baja eman ziotela Gizarte Segurantzan, bere "baimenik gabe". Egun bat lehenago, alderdiaren B kontabilitatea agerian uzten zuten notak publikatu ziren hedabideetan.
Bestalde, PPk epaiketan berretsi zuen 2010ean bi aldeen arteko akordio bat egin zela, eta Barcenasek 719.000 euro garbiko kalte-ordaina jaso zuela, alderdiarekin zuen lotura hautsiz.