Biktimen inguruan
'Bada garaia Sortuk egindako mina aitortzeko', Ortuzarren irudiko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2021/09/13
Edonola ere, EAJren EBBko presidentearentzat "berri ona da" EH Bildu "biktima guztien omenez egindako ekitaldiei joatea, hemen urte askotako sufrimendua egon dela aitortuta".
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, "bada garaia Sortuk haren barne prozesua ixteko eta egindako mina onartzeko". Gainera, jeltzalearen esanetan, ETA armagabetu behar da, "ez baita jazoko mirari-gertakaririk, eta prozesu politiko batek ez baitu salbatuko".
Europa Pressi eskainitako elkarrizketa batean Ortuzarrek nabarmendu duenez, EAJ eta Hasier Arraiz buru den koalizioa harremanetan daude, bakearen eta elkarbizikidetzaren gainean akordioa lotzeko asmoz, baina egun, bilera-sorta horiek itxaronaldi batean daude.
Edonola ere, Ortuzarrentzat "berri ona da" EH Bildu "biktima guztien omenez egindako ekitaldiei joatea, hemen urte askotako sufrimendua egon dela aitortuta, eta onartuta ere indarkeria erabili duten hainbat estrategia politikok kalte, mina, eta biktima inozenteak eragin dituztela".
Jeltzalearen irudiko, "bada garaia, eta baldintzek bide hori errazten dute". "Ezker abertzaleak badaki EAJ lagun izango duela. Hiru hitz oso errazak dira, baina esanahi handikoak dira, eta gainerako guztiek bereganatu ditugu dagoeneko", gaineratu du.