Atxilotu egin zuten
Santiago Cervera (PP), ustezko xantaia kasu batean nahasita
Erredakzioa
Nafarroako Kutxako presidenteari ustez xantaia egitea egotzita atxilotu zuten atzo, baina ordu batzuen buruan aske utzi zuten.
Santiago Cervera PPko diputatua atxilotu egin zuten atzo, baina, epailearen aurretik pasatu ostean, dagoeneko aske gelditu da. Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako (CAN) presidenteari ustez xantaia ekonomikoa egiten saiatzeagatik atxilotu zuten.
Epaileak Auzitegi Gorenaren esku utziko du gaur auzia, Cervera forupekoa baita.
Diario de Navarra egunkariak dionez, CANeko presidenteak salaketa jarri zuen hilaren 5ean mezu elektroniko anonimo bat jaso ondoren. Bertan, 25.000 euro ordaintzeko eskatu zioten, eta, egin ezean, bere jarduera profesionalekin lotutako informazioa kaleratuko zuten mehatxua egiten zioten. "Finantza entitatetik bere abokatu bulegora diru-kopuru handi bat fakturatzea eta bertan lan egiten duen bere semeak ere onurak jasotzea" egozten zioten.
Hilaren 7an, Iruñeko Igerileku Klubaren ondoko harresiko zirrikitu batean, gutun-azal itxi batean, 25.000 euro uzteko eskatu zioten.
Guardia Zibilak zaintza lanak hasi zituen bertan, eta PPko diputatua atxilotu zuen gutun-azala hartu zuenean.
Epailearen aurretik pasatu ostean, aske gelditu da eta anonimo baten bitartez ere iruzur baten biktima izan dela esan du.
Cerveraren adierazpenak
Bere blog pertsonalean, Cerverak ukatu egin du egotzitakoa, baina "arduragabekeria" bat egin izana aitortu du.
Diputatu nafarrak azaldu duenez, ezezagun batek mezu elektroniko bat bidali zion, atxilotu duten lekura joaten bazen, Nafarroako Kutxari (CAN) buruzko informazioa jasoko zuela esateko. Mezuaren arabera, "informazio judizial garrantzitsua" izango zen. Cerverak hori informazioa bidaltzeko modu aproposa ez dela esan omen zion, betiere horren bertsioaren arabera, baina zerbitzariak itzuli egin zion erantzuna.
Atzo, Cervera Iruñean izan zen, eta aipatu informazioa aipatu lekuan utzi ote zuten egiaztatzeko "jakin-mina" izan zuen, eta, beraz, esandako lekura joan zen. Behin leku horretan, gutun-azal bat ikusi zuen, eta hartu egin zuenean, guardia zibilak agertu eta atxilotu egin zuten.
PPk espedientea ireki dio
PPk espedientea ireki dio Santiago Cervera diputatuari ustezko xantaia auziaren inguruko nondik norakoak argitzeko. "Gertatutakoa berretsiz gero, Parlamentuan eta alderdian neurriak hartuko dira", adierazi du Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak.