Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorka Maneiro: 'Espainiako Gobernua da euskaldunen arazoa'
Erredakzioa
UPyDko legebiltzarkidearen iritziz, udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzea 'adabakia' jartzea da.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen arabera, euskaldunen arazoa ez da Espainia, Rajoyren Gobernua baizik. "Ez du erabaki zuzenik hartzen, eta kalte egiten digu hiritar gisa", gaineratu du. Bestalde, Maneiroren hitzetan, "adabakia" jartzearen parekoa da udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzea.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan batean, EH Bildu koalizioa ere izan du hizpide. Gorka Maneiroren ustez, UPyDk ezin du gainerako alderdiekin duen harremana izan EH Bildurekin, ETAren indarkeria gaitzesten ez duten bitartean behintzat. "Ez dugu beraiekin batera ezer sinatuko", gaineratu du.
Espainiako Gobernuak hainbat neurri bultzatu ditu, baina ez dute eraginkortasunik eta bidegabeak dira hiritarrentzat, Maneiroren iritziz. Herritarrak neurri horien eragina pairatzen ari dira, baina “euskaldunen arazoa ez da Espainia, Gobernua baizik. Ez du erabaki zuzenik hartzen eta kalte egiten digu hiritar gisa”.
EAEko Administrazioko langileei ekaineko aparteko soldata aurreratzea ahalbidetzeko, Gobernu Kontseiluak astelehen honetan bertan onartzea aurreikusi duen lege aurreproiektua "adabaki" bat besterik ez dela esan du Maneirok. "Aurkezten duten lege proiektua ikusi beharko dugu, eta horren arabera emango dugu gure boza. Aparteko ordainsaria aurreratzeko lege proiektua adabaki bat da; eztabaida daiteke, baina ezin da ahaztu funtzionarioei soldataren zati bat kendu zaiela", azpimarratu du.
2013ko aurrekontuen inguruan galdetuta, bere alderdiak kontuak aztertuko dituela adierazi du, "EAJk murrizketa sozialen alde egingo duen, hau da, Osasunean eta Hezkuntzan murriztuko duen, edo Euskadi modernizatzeko erreformak sustatuko dituen ala ez ikusteko", esan du.
UPyD alderdia laguntzeko prest dagoela nabarmendu du. Maneiroren ustez, “ezinbestekoa da Euskadiko erakundeen egitura aldatzea, bikoiztasunak saihesteko eta horien eraginkortasuna hobetzeko”. “Egituran aldaketarik ez badago, ez dugu gizarte alorrean murrizketarik egotea onartuko”, gaineratu du.
UPyDko kideak jakinarazi duenez, bere alderdiak ez du Eusko Jaurlaritzari boikot egiteko asmoa duten blokeetan parte hartuko. Horren esanetan, litekeena da ondorengo hilabeteetan EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernu bat osatzea; izan ere, “gutxiengoan gobernatuz gero, hainbat ezusteko izan ditzake EAJk”. Bestalde, kexati agertu da legegintzaldi berri honetan estatus politiko berriaz hitz egingo delako.
“Nazionalistek Espainiarekin etetea babestuko dute lehenago edo geroago, eta guk prest egon behar dugu astakeria horri aurre egiteko argudioak aurkezteko”, adierazi du. Bestalde, ezker abertzaleari historia zuritzea, gezurrak esatea eta gezurrak mozorrotzea egotzi dio.