Nafarroako Kutxa
Barcinari CAN auzian gertatutakoak azaltzeko eskatu dio oposizioak
Erredakzioa
Izquierda-Ezkerra alderdiak, gainera, gaurtik aurrera "Nafarroan hain ohikoak diren bizio eta ustelkeria guztiak" saihesteko eskatu diote.
PSN, Bildu, Nafarroa Bai eta Izquierda-Ezkerra alderdiek Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen premiazko agerraldia eskatu dute, Foru Erregimenaren Batzordearen aurrean Nafarroako Kutxako ekintzen berri eman dezan.
Gainera, ekintza horiek justifikatzen dituzten arrazoiak azaltzea eskatu diote, baita Nafarroako Gobernuak Caixabanken akzioen jabetza bere gain hartuko duen ere.
Bestalde, Izquierda-Ezkerra alderdiak ateratako ohar batean, Barcinari "gardentasuna eta kontrol demokratikoa" aintzat hartzeko eskatu diote Nafarroako Kutxa Fundazioko estatutuak idaztean, izan ere, ondarea "gizarte osoarena da eta gardentasunez eta ustelkeriarik gabe kudeatu behar da", "Nafarroako garapen sozial eta ekonomikoari laguntzeko".
Izendapenak, nahieran
Barcinak "kudeatzaile bat izendatu du, nahieran, estatutuak egiteko, eta Barcinaren aurrean bakarrik erantzun behar du. Bere Gobernuak ez du Parlamentuan lege-proiekturik aurkeztu Nafarroako Kutxa Fundazioaren jarduera arautzeko, nahiz eta beste erkidego guztietan bai egin duten".
Hori dela eta, gaurtik aurrera "Nafarroan hain ohikoak diren bizio eta ustelkeria guztiak" saihesteko eskatu diote.