Itxi

Urtarrilak 12

EAJ presidente berria hautatzeko Batzar Nazionala prestatzen ari da

Erredakzioa

Urkullu lehendakariak utzitako tokia Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJren presidenteak hartuko du ziurrenik, larunbat honetan.

EAJren buruzagi batzuk, Ortuzar eta Urkullu tartean. Argazkia: Efe

EAJren Euzkadi Buru Batzarra larunbatean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen Batzar Nazionala prestatzen hasiko da gaur arratsaldeko bileran. Iñigo Urkullu lehendakariak utzi berri duen presidente karguan Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJren presidentea aukeratuko dute ziurrenik.

Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAJren buruzagiek egungo egoera politikoa eta Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusiak, aurrekontuak tarteko, aztertuko dituzte gaurko bileran, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez.

Baina EAJren presidentea izendatzeko prozesuan aurrerapausoak ematea izango da gaurko bileraren helburu nagusia, Urkulluk abenduaren 15ean kargua utzi ondoren.

EAJk abenduaren 26an erabaki zuen Urkulluren oinordekoa hautatzeko Batzar Nazionala urtarrilaren 12an egitea.

EBB osatzen duten 13 kideetako bat izango da hautatua eta prozesu laburrean aukeratuko dute, ez ohiko moduan, izan ere, bestela otsaila amaiera arte EAJ presidenterik gabe egongo litzateke.

Hori horrela, Batzar Nazionala osatzen duten 100 kide jeltzaleek datozen lau urteetarako presidentea aukeratuko dute, eta badirudi Andoni Ortuzarrek jasoko duela babes handiena.

Larunbateko batzarra 10:00etan hasiko da eta ezustekorik ezean, 11:30etan presidenteak hitza hartuko du.

Albisteak (1)