Itxi

Dokumentazioa

Biografia: Iñaki Azkuna, Bilbo aldatu zuen alkatea

Iker Gomez EITB.COM

EAJko politikaria (Durango 1943, Bilbo 2014) Bilboko alkate ezagunetarikoa, eta hiribilduaren eraldaketaren arduradunetako bat izan da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilboko alkate ospetsuenetako bat eta hiribilduaren eraldaketaren arduradunetako bat, hala gogoratuko dute askok Iñaki Azkuna Urreta (Durango, 1943; Bilbo, 2014).

Azkuna 2014ko martxoaren 20an hil da, 71 urte zituela eta prostata minbiziak jota. Orain 10 urte atzeman zioten gaixotasuna, eta orain hilabete batzuk sortutako konplikazioek eraginda, ezin izan du alkate jardun.

Munduko alkaterik onena izendatu zuen 2013ko uztailean City Mayors fundazioak, Bilboko alkate hamar urtez baino gehiagoz izan eta gero. 1999an aukeratu zuten aurrenekoz hiribilduko agintari nagusi. Harrezkero, 2003an, 2007an eta 2011n ere irabazi ditu hauteskundeak; azken horiek, gehiengo osoz, EAJrentzat lehen aldiz Bizkaiko hiriburuan.

Alderdikideek ez ezik, oposizioak ere aitortu dio bere " herri arrakasta" (EAJk beste boz batzuetan erdietsitakoa aise gainditzen du)

Karisma handiko gizona

Miresmena eta polemika sortzeko gai den politikari horietako izan da betidanik Azkuna. Gauzak argi esateko gizona, zenbaitetan bere alderdiak ezarritako ildo politikotik urrundu da.

Hala, 1999an, EAJk Lizarra-Garaziren Adierazpena sinatu zuenean, ezker abertzalearekin akordiorik izenpetu ez zuen EAJko arduradun politiko bakarrenetarikoa izan zen.

Mediku, lanbidez; politikari, bokazioz

Azkuna lizentziaduna da Medikuntzan eta Kirurgian, eta doktore cum laude Salamancako Unibertsitatean. Ibilbide profesionala Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Parisko Unibertsitatearen Broussais Ospitalean eta Gurutzetako Ospitalean egin du.

1991n, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izendatu zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariak. Bederatzi urte geroago heldu zion Bilbo zuzentzeari.

Bilbo eta Athletic, bihotzean

Jaiotzez durangarra bazen ere, bilbotartzat eduki du bere burua Azkunak. Izan ere, jaioterria gaztetan utzi zuen, ikasketak egiteko. Hain justu, hiribildua kartsuki defendatu duen horietakoa izan da betidanik. Bilborekin batera, Athletic, opera eta XIX. mendeko literatura maite zituen.

Bizitza pertsonalean, kolpe handia eduki zuen 2012ko irailean. Anabella Dominguez emaztea hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz, 40 urtez baino gehiagoz ezkonduta egon eta gero.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)