Herriraren manifestazioa
EH Bilduk 'konponbideen kontra' egoteari uzteko eskatu dio Gobernuari
Erredakzioa
Bilbon euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioa "izugarria" izan dela azpimarratu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EH Bilduk hurrengo hilabeteetan Aieteko adierazpena zabaltzen eta edukiak garatzen lan egiteko apustua egin du, izan ere, "gatazka konpontzeko eta bakea eraikitzeko aukera" ezin daiteke "aprobetxatu gabe utzi". Horren harian, Gobernuari eta PPri "edozein konponbideren aurrean kontrako jarrera inmobilista" izatea leporatu die.
Koalizioak prentsaurrekoa eman du Bilbon. Bertan izan dira Maribi Ugarteburu, Rebeka Ubera, Leire Pinedo eta Diana Urrea EH Bilduko kideak. Prentsaurrekoan, Bilbon Herrirak presoen eskubideen alde egindako manifestazioaz aritu dira eta "izugarria" izan zela esan dute.
Koalizioarem arabera, manifestazioan herritarrek "blokeoaren eta aitzakien amaiera" eskatu zuten argi eta garbi, "espetxe-politika eta giza eskubideen urraketa gatazkaren konponketari xabotaia egiteko tresna gisa erabiltzeari uzteko" ere eskatu zuten.
"Gehiengo handia"
EH Bilduren iritziz, Bilbo kaleetan egindako aldarrikapenak "eragile politikoen siglez haratago doaz" eta "gehiengo handi baten babesa dute".
Halaber, konponbideen bilaketan lanean hasteko eskaera egin dieten herritarrek eragile politiko guztiei, EAJ barne.
Erreakzioak
Atzoko manifestazioaren ostean, hainbatek horren aurkako iritzia azaldu dute. Gauzak horrela, Gorka Maneiro UPyDko bozeramailearen iritziz, Bilboko manifestazioa "lotsagarria" izan zen, eta bertan, "ETAren hilketak justifikatu" zirela kritikatu du. Horren esanetan, "ETAk bizirik jarraitzen duela" frogatu da eta "jende gehiegik txalotzen ditu gainera", adierazi du.
Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentearen ustez, manifestazioa azken urteetako Gobernuen "pasibotasunaren" ondorioa da, eta "azkenean, badirudi, ETAko hiltzaileak heroiak direla", salatu du. Terrorismoaren biktimentzat, presoen egoeraren eta Euskadiko normalizazio politikoaren irtenbideak "zigor guztiak betetzea eta behin betiko ETA garaitzea" dakar.
Halaber, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren arabera, "ETA desegiten bada ere, presoek ez dute inolako aringarririk izango". Gallardonek La Razon egunkariari egin dizkio adierazpenok.