Itxi

Barcenas auzia

Rajoyk kanpo-auditoria bat iragarri du, PPren kontuak aztertzeko

Erredakzioa

Halaber, ustelkeriaren kontrako ituna proposatuko die alderdi guztiei. Cristobal Montoro Ogasun ministroak agerraldia egingo du Kongresuan, Barcenasek amnistia fiskalari heldu ote zion argitzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko eta PPko presidenteak kanpo-auditoria bat iragarri du gaur, alderdiaren kontuak aztertzeko, PPtik jakinarazi dutenez. Alderdi barruan ere ikerketa abiatuko dute.

Halaber, ustelkeriaren kontrako ituna proposatuko die alderdi guztiei, eta, gainera, Cristobal Montoro Ogasun ministroak agerraldia egingo du Kongresuan, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak amnistia fiskalari heldu ote zion argitzeko.

Rajoyk PPren Batzorde Nazionaleko kideen aurrean egin du iragarpena, Barcenasek Suitzan 22 milioi euro zituela eta alderdiko buruen pizgarriak diru beltzean ordaintzen zituela ezagutu eta gero.

Gobernuburuak ateak itxita egin du hitzaldia.

Cospedal: ''Berehala kaleratuko genuke''

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak eman du Rajoyren neurrien berri, bilera bukatu ondoren egin duen prentsaurrekoan.

PPk egingo duen auditoriaren harira, Cospedalek azpimarratu du ''dagoen azken papera ere'' aztertuko dutela, eta norbait legez kanpo aberastu baldin bada berehala kaleratuko dutela. PPko buruek ez dute ikerketa hori bukatzeko eperik zehaztu, baina lan horretan ''hasiak'' direla eta ''arin'' joango dela azaldu du ''popularren'' idazkari nagusiak. ''Behar den denbora hartuko dugu, baina ez dugu urtebetez, bi urtez edo hiru urtez luzatuko; hori ez da gertatuko'', azpimarratu du Cospedalek.

Barne ikerketan ez dute Barcenasen testigantza bilduko

Carmen Navarro alderdiaren egungo diruzainak zuzenduko du barne ikerketa, baina, Cospedalek azaldu duenez, ez dute bertan Barcenasen testigantza biltzea aurreikusten; izan ere, parlamentari ohia prozesu judizial baten menpe dagoela esan dute eta hori "beste guztiaren gainetik dago".

Suitzako kontuak

Rajoyk PPren jardueratik aldendu ditu berriz ere Barcenasek ustez Suitzan zituen kontuak. Cospedalek esan duenez, presidenteak ''argi'' utzi nahi izan du Alderdi Popularrak ''ez duela egun konturik Espainiatik kanpo, eta ez dituela inoiz izan''; halaber, Rajoyk azpimarratu du ez diola inori PPren mesedetan Espainiatik kanpo konturik irekitzea eskatu. ''Inori ez', azpimarratu du.

Rajoyk proposatutako ituna

Cospedalen arabera, Ikerketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroari ''demokrazia eraberritzea'' bultzatzeko neurriak aztertzeko eskatu dio Rajoyk Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeari.

Txosten horren garapena abian omen da dagoeneko, eta hilabete barru egon liteke prest, Cospedalen esanetan. Ondoren, alderdi guztiekin jarriko da harremanetan Saenz de Santamaria, gardentasuna bultzatzeko eta ustelkeriaren kontrako ituna lortzen saiatzeko.

PSOEk Rajoyri: 'Dagoeneko ez da auditoria garaia; Kongresuaren garaia da''

Soraya Rodriguez PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, ''dagoeneko ez da auditoriak egiteko garaia, Kongresuak ikerketa egitekoa baizik''.

Horretarako, Diputatuen Kongresuan Barcenas auziarekin zerikusia duten datuak aztertzeko ikerketa batzordea abiatzeko proposamena aurkeztu dute sozialistek.

Halaber, ''amnistia fiskala'' baliatu dutenen zerrenda Ogasun ikuskatzaileei berehala helarazteko proposamena ere egin du PSOEk, diru horren jatorria iker dezaten.

"Zenbat Barcenas gehiago ote daude Gobernuak bultzatu duen amnistia prozesuan?'', galdetu dio bere buruari Rodriguezek.

Ustelkeriaren kontrako osoko bilkura eskatu du IUk, Rajoy bertan dela

Otsailaren 20an eta 21ean Diputatuen Kongresuan Nazioaren Egoeraren inguruko osoko bilkura egin baino lehen, ustelkeriaren kontrako bilkura monografikoa egitea eta Mariano Rajoy presidenteak bertan parte hartzea eskatu du IUk.

Halaber, 90 egunean politika eta enpresa munduko ustelkeriaren kontrako neurriak aurkeztea ere eskatu dio Gobernuari.

Rosa Diez: ''Trikimailua da''

Rosa Diez UPyD alderdiko buruaren hitzetan, Rajoyk iragarritako auditoria ''trikimailu hutsa'' da, ''B dirua ez baita inoiz kontuetan agertzen''.

Albisteak (5)

Bideoak (1)