Itxi

Urkullu eta Ahaldunen batzarra

Araba eta Gipuzkoa zergak igotzeko prest, Urkulluk eskatu bezala

Erredakzioa

De Andresek zergak "neurriz" igotzearen alde egin du, baina Garitanok "gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea" eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako ordezkaria "pozik" agertu da Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek "fiskalitate berri bat bultzatzeko" erakutsitako jarrerarekin.

Urkulluk asteazken honetan Arabako eta Gipuzkoako ahaldun aagusiekin eginiko batzarretan ateratako ondorioak azaldu die Erkorekak hedabideei. Gaur egindako batzarren ondoren, lehendakaria Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldunarekin batzartuko da datorren astelehenean.

Urkulluren kabineteko bozeramaileak “positibotzat” jo ditu Javier de Andresekin eta Martin Garitanorekin izandako bilerak, “erakundeen arteko partaidetza guneak” izateko aukera azaldu delako, egoera ekonomiko “kezkagarriari” aurre egiteko eta euskal erakundeak aurrekontuen testuinguru “murriztailean” moldatu ahal izateko, Europar Batasunak eta Diputatuen Kongresuak arlo horretan ezarritako arauak direla eta.

Erkorekak Gobernu autonomikoaren eta aldundien arteko partaidetza “zilegi” dela nabarmendu du, hazkuntza ekonomikora eta lanpostuak sortzera bideratutako neurriak bultzatzeko asmoz.

Halaber, oinarrizko zerbitzuak mantentzeko garrantzian Urkullu, De Andres eta Garitano bat etorri direla azpimarratu du.

Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak erreforma fiskala gauzatzeko prest agertu badira ere, ez dira bat etorri erreformaren norabidearekin: De Andresek zergak "neurriz" igotzearen alde egin du, baina Garitanok "gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea" eskatu du.

Eusko Jaurlaritzak Kataluniako parlamentuaren erabakia txalotu du

Josu Erkoreka Jaurlaritzako ordezkariak Kataluniako parlamentuak "erabakitzearen aldeko" prozesua hasteko hartutako erabakia txalotu du, eta erabaki hori "adierazpen demokratiko bat" dela gogorarazi du

Erkorekaren ustez, "parlamentuek gehiengo batez hartutako erabakiak beti dira adierazpen demokratikoaren erakusgarri. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak beti agurtuko ditu horrelako erabakiak".

Albisteak (2)

Bideoak (1)