Kongresua
PPk Barcenasi lagundu zion susmo hutsa 'eramangaitza' da PSOEren ustez
Erredakzioa
Ustelkeriaren aurka egiteko alderdi politiko guztien artean lan egitea aurreikusi du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Soraya Rodriguez PSOEk Kongresuan duen bozeramailearen iritziz, "eramangaitza" da Gobernuak Luis Barcenas PPko diruzain ohiari "nolabait" lagundu zion susmoa egote hutsa, "zerga amnistiari" aipamen eginez.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorrak PPri une honetan eragiten dizkioten ustelkeria auziak aurpegiratu dizkio Rajoyri eta iraganean "amarru legalekin" Justiziatik "musu-truk ihes" egitea leporatu dio.
"PSOEn aspaldi ikasi genuen lezioa betiko, baino zuek amarru legalekin musu-truk ihes egin zenuten, eta zigorrik gabe geldituko zinatela uste izan zenuten. Hori da egun ordaintzen ari zaretena, zorionez, herrialde honetan dagoeneko zigorrik gabe ihes egitea ezinezkoa baita", esan du.
Ustelkeriaren aurka "azkartasunez eta irmotasunez" jokatzeko eskatu dio Rubalcabak, baina Gobernuaren presidenteak "gomendio bera" egin dio PSOEri eragiten dizkioten ustelkeria auziekin.
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ez du Barcenas auziaren inguruko aipamenik egin Kongresuan egiten ari diren ezohiko osoko bilkuran, nahiz eta Cayo Lara IUko koordinatzaileak "Barcenasen bonba Gobernuari eztanda egin" diezaiokeela ohartarazi dion.
Larak ustelkeriaren aurkako bilkura monografiko bat eskatu dio Rajoyri, horren aurka borrokatzeko plan bat egiteko.
Rajoyk ez dio proposamenari erantzun, eta lehengo astean eskaini zuen ustelkeriaren kontrako planaz bakarrik mintzatu da.