Kongresua
Espainiako Gobernuak neurriak hartuko ditu ustelkeriaren aurka
Erredakzioa
Presidenteordeak azaldu duenez, ez dute baztertzen Zigor Kodea erreformatzea ustelkeriagatik ezartzen diren zigorrak gogortzeko eta "denoi" eragiten dien "gaitza"ri aurre egiteko.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hitzeman du neurri "zehatzak" eta "eraginkorrak" aurkeztuko dituela, oposizioko alderdiekin adostuta, ustelkeriari aurre egiteko, izan ere, "denoi" eragiten dien "gaitza" dela salatu du.
Rosa Diez UPyDren buruak Kongresuko saioan egindako galderari erantzun dionean iragarri du Saenz de Santamariak neurriak hartuko dituztela. Iragarritako neurri legegile gehigarriez gain "ustelak eta ustelkeria politikoa prebenitzen, jazartzen eta zigortzen" lagunduko duten neurri gehiago hartuko ote dituzten galdetu dio Diezek Espainiako Gobernuari.
Horren aurrean, Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu du, "gardentasunaren alde eta ustelkeriaren kontra", Espainiako Gobernuak neurri "zehatzak" hartuko dituela, oposizioarekin adostuak "ahal dela". "Ona izango litzateke denon artean erabakitzea, denoi eragiten digun arazoa baita, norberaren zintzotasunari dagokiona", gaineratu du.
Horren harira, Saenz de Santamariak aurreratu du "Zigor Kodea erreformatu behar bada", egingo dutela; eta "zigorrak gogortu behar badira ere", egingo dutela.